argia.eus
INPRIMATU
DesokupaciĆ³n Legal enpresak Gasteizen familia bat ilegalki etxegabetu nahi duela salatu dute
  • Gasteizko Kontseilu Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatuak prentsaurrekoa egin dute egoeraren berri emateko. Salatu dute enpresa etxebizitzan bizi den familia "iraintzen eta mehatxatzen" ari dela. Aurretik, etxejabeak ere jazarri zuen familia.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko irailaren 27a
Etxebizitza Sindikatuak familia kanporatzeko \"berehalako arriskuan\" dagoela ohartarazi du. (Argazkia: Etxebizitza Sindikatua)

Okupazioaren aurkako enpresa bat Gasteizko familia bat ilegalki etxegabetzen saiatzen ari dela salatu dute Gasteizko Kontseilu Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatuak. Prentsaurrekoa egin dute asteartean, egoeraren berri emateko.

Sindikatuko kidea da familiako kide bat, eta uztailean Desokupación legal izeneko enpresa hainbat aldiz jarri zen harremanetan berarekin. Etxebizitzatik alde egiteko konbentzitu nahi zuten, eta horretarako "laguntza ekonomiko txiki" bat ere eskaini zioten. Irailaren hasieran, berriz, enpresaren pegatina bat jarri zioten atean, eta mugikorrera ahots-mezuak bidali dizkiote, "iraintzen eta mehatxatzen". Enpresak esan zion auzia irailean "konpondu" nahi dutela, "gaitz handiagoak saihesteko". Astelehenean, bi gizon agertu ziren atarian, mehatxuka.

Sindikatuak azaldu du etxegabetze saiakera legez kanpokoa dela, familiak kontratua baitu eta alokairua ordaintzen ari baita. Ohartarazi dute pertsona horiek berriz etxera joateko arriskua dagoela, familia indarrez kanporatzen saiatzeko.

Jabearen jazarpena

2021etik bizi dira Zaramagako etxebizitza horretan sindikatuko kidea eta bere familia, alokairuan. 2023ko urtarrilean, jabeak familia etxetik bota nahi izan zuen, erabilera propiorako behar zuela-eta. Behar hori egiaztatzeko dokumentazioa eskatu zioten, baina ez zien ezer bidali. Bitartean, familiak alokairua ordaintzen jarraitu zuen.

Maiatzean egoera gogortzen hasi zen, jabea etxebizitzara joaten hasi baitzen, bertan bizi zirenei "enbarazu, mehatxu eta eraso egitera". Gainera, bi aldiz aldatu zuen trastelekuko sarraila, eta sindikatuko kideak ezin izan zituen bere trasteak hartu. Ekainean, etxe atarian txerri baten burua eta hankak agertu ziren.

Desokupazio-enpresa faxista

Sindikatuak desokupazio enpresen "izaera faxista" salatu du. "Jabe handiek eta, batez ere, jabe txikiek kontratatzen dituzte, legez kanpo eta parapolizialki jarduteko. Estatua iristen ez den lekura heltzen da faxisten indarkeria". Sindikatuaren arabera, enpresa horien jarduna prozesu orokor baten parte da: "proletalgoa errentagarriak ez diren etxebizitza-modalitateetatik kanporatzea". Gaineratu dute desokupazio enpresak proletarioen kriminalizazioaren arduradun direla: txiroa kanporatzeaz gain, testuinguru sozial bat sortzen laguntzen dutelako prozesua justifikatu eta defendatzeko.

"Berehalako arriskua" dela eta, Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak asanblada egingo du ostiralean, 19:00etan, Zaramaga auzoko Fermin Lasuen kaleko 1. zenbakian.