argia.eus
INPRIMATU
Deskonfinamenduaren nondik norakoak jakinarazi ditu Frantziako lehen ministroak
  • Maiatzaren 11tik aurrera, Ipar Euskal Herrian ikastetxeetara itzuli ahal izango dute nahi duten ikasleek, saltokiak irekiko dituzte eta herrietako azokak zabaltzea alkateen esku egongo da. Garraio publikoan erdira murriztuko da bidaiarien kopururua eta derrigorrezkoa izango da horietan maskara eramatea. Horiek eta beste neurri batzuk azaldu ditu Édouard Philippe Frantziako lehen ministroak.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 28a

Pandemiaren indikatzaileak aurreikusitakoak badira, maiatzaren 11n hasiko du Frantziako Estatuak deskonfinamendua. Hala adierazi du Philippek.

Haurrentzako maskarak, debekatuta

Ikastetxeetara itzulera boluntarioa izango da ikasleentzat eta haurreskoletatik hasiko dira. Ikasgela bakoitzean ezingo dute 15 ikaslek baino gehiagok batera egon, gel hidroalkoholikoa banatuko da irakasle, ikasle eta langileentzat, eta irakasle eta langileek maskara eraman beharko dute, distantzia fisikoa bermatzeko arazoak dituzten uneetan. Haurrentzako maskarak, kasu berezietan izan ezik, debekatuta egongo dira.

Saltokiek ateak ireki ahal izango dituztela ere adierazi du lehen ministroak, ez ordea tabernek, jatetxeek eta hotelek; horien irekiera ekainean aztertuko dute. Herrietako azokak ere baimenduko dituzte, baina alkateek izango dute azken erabakia.

Lanari dagokionez, Gobernuak telelana gomendatu du eta ezin denetan, enpresek ordutegi eskalonatuak izatea bultzatuko da, garraiobideak ez saturatzeko. Hain juxtu, metro, tren eta autobusak, baita eskolako autobusak ere, erdira murriztu beharko dute bidaiari kopurua, distantzia fisikoa bermatu ahal izateko. Garraiobide hauetan, maskara kirurgikoak erabiltzea derrigorrezkoa izango da.

Kirol kolektiborik ez

Kirol kolektiboak ez dira momentuz baimenduko, ez futbol liga, ez leku itxietan jokatzen direnak. Zine-aretoak, kontzertu aretoak, museo handiak… itxita mantenduko dira oraingoz. Hori bai, erakusketa areto eta kultur zentro txikiak ireki ahal izango dira, beti ere distantzia fisikoa bermatzen bada.

Neurriak iragarri ostean, kolapso ekonomikorako arriskua dagoela onartu du lehen ministroak.