Berdin irakurtzen al ditugu erasoak, gu edo gure inguruko jendea denean? Gartziak bortxaketa bat jasan zuen duela hainbat hilabete. Ospitalera jo zuen ahal izan zuenean, eraso fisikoen kasuetan egin ohi den gisa. Nola bortxaketa hala hurrengo egunak ondo gogoan ditu: “Ordubete edo egingo nuen lo, eta ezer gertatu ez balitz bezala joan nintzen lanera. Bizipena etortzen zitzaidan burura behin eta berriro. Sentitutakoa oso ondo nekien, baina ez nintzen neure burua bortxatutzat ikusteko gai. Beste norbaitengan irudikatzen banuen, ordea, pertsona hori bai, bortxatutzat har nezakeen (disoziazioa). Egoerak gainditu ninduen: nire buruak, gorputzak, emozioak eta errealitateak, ez zuten bat egiten”.
Hala gogoratzen du shock egoera. Adierazi duenez, nahikotxo luzatu zitzaion: “Badakit oso ondo zer senti dezakeen bortxatua izan den emakume batek...oso fuertea da. Ezingo zenuke imajinatu. Zelako mina. Uf, gogorregia… Eta ni bortxatzen utzi naiz. Nire ahotik atera ziren hitzak izan ziren hauek, lagun bat deitu eta zer gertatu zitzaidan kontatu nionean”.
Onarpen, erreparazio eta dolu faseak
Onarpen, erreparazio eta dolu faseak atzean utzi ditu geroztik aiaraldearrak, “baina erruduntasunak gogor harrapatu eta nahastu ninduen. Nire errua zela sentitzen nuen. Tipoari bortxatzen utzi niola leporatzen nion nire buruari”.
"Ez duzu inoiz halakorik espero. Horregatik inoiz baino argiago daukat: denak izan gaitezke erasotuak, eta edonor izan daiteke erasotzailea”
Psikologoak lagundu dio egoera eta bere jarrera ulertzen; gogorra izan arren: “Askotan irudikatu eta berbizi izan dut egoera; nola nik argi esaten nion, adibidez, ezin nuela gehiago aguantatu, eragiten zidana jasanezina zela, uzteko ia... Nire buruak argi zeukan ezetzak bota nizkiola gau hartan. Erruduntasunak ez dizu aurrera egiten uzten”.
Bere kasuan, eskualdeko bat izan zen erasotzailea, “ez ezezagun (edo atzerritar bat), tipo jator eta ezagun bat” baizik. “Horrek zaildu egiten du dena. Etxera etorri zen ardo bat hartzera gauza batzuk komentatzeko genituelako. Askotan galdetu diot nire buruari; zergatik ez zen nire erasotzailea kaletik topatutako ezezagunen bat izan, aurrera egitea errezago egingo zitzaidalako”.
Erruduntasuna vs erantzukizuna
Erruduntasunaren zama askatu berri du, aitortu duenez. Psikologoarekin eginiko lanketetan ulertu du erruduntasunari heltzeko gakoetariko bat bizirauteko sena deritzona ulertzean datzala. “Animaliek bezala, arriskuen aurrean aktibatzen zaigun sena da. Momentu horretan, erabakien jabe izateari uzten diozu konturatu gabe”.
Bortxaketaren hasieran, oroitu du, borrokatzeari uzten zionean, “disfrutatu ahal izango nuela esaten zidan berak”. Bere burua errudun sentiarazi zuena izan zen amore ematea eta bere “gorputza abandonatzea erasotzaileak nahi zuena" egiteko, “lehenbailehen buka zezan”.
“Hau ez da bakarrik egiteko bide bat, hau gainditzeko laguntza ezinbestekoa dela uste dut”
Denbora eta lanketa pertsonalaren igaroak, zorionez, bere jarrera ulertzen eta onartzen erakutsi dio. “Buruak eta sentimenduek bat egiten dutenean, dena aldatzen da, benetan horiek ez zirela zure erabaki kontzienteak izan sentitzeko gai zarenean. Bat-batean, zeneraman zama guztia desagertzen da. Errurik gabeko ulermena agertzen zaizu”.
Hargatik, gaur da eguna ez duena bere burua jasandako erasoagatik txikitzen: “Zuk hor ez duzula ardura bakar bat ere izan sentitzea osotasunean, sentsazio itzela da. Ez daukat pisurik. Ez duzu inoiz halakorik espero. Horregatik, inoiz baino argiago daukat: denak izan gaitezke erasotuak, eta edonor izan daiteke erasotzailea”.
Epai sozial eta judizialak, dohan
Epaiketak nabarmentzen dira indarkeria matxistei lotutako kasuetan, izan sozialak edo judizialak. Salatu edo ez, beti daude txutxumutxu eta mamuak.
Ondo daki hori Gartziak: “Salaketa sozial eta judizialean pentsatzen nuen bakoitzean izutu eta gainezka egiten nuen. Aguantatuko ez nuen zama sentitzen nuen horrekin, neure bizitza kolokan sentitzen nuen benetan. Hortaz, salaketa bidea baino, nire egoera emozionala eta erritmoak errespetatzea izan ziren lehen urratsak”. Modu horretan iritsi da jasandako erasoaren irakurketa ahalduntzetik eta biktimizazio diskurtsoetatik at egitera.
Epaiketa sozialaren adibideak mahaigaineratu ditu, oraindik konturatu ez denarentzat: herritarrak zure bizitzaren epaile bihurtzea, begiradak, galderak, komentarioak, “zuganako zalantzak, erasoaren epaiketa, salatu behar duzun edo ez, erasotzailearenganako pena edo jatortasuna goraipatzea… Epaiketa merke horiek guztiak (orokorrean pairatzen dugun indarkeria instituzionala gehituta) guretzako zapalkuntza mingarriak dira: gehiago txikitzen gaituzte, zalantzan jartzen gaituztelako behin eta berriro”.
Laguntza, ezinbesteko
“Gaur, ia 6 hilabete pasa direnean, egoera hau salatzeko prest nago”, dio, “denbora behar nuen nire lanketa egiteko, gauzak ondo kokatu eta ulertzeko; indartsu egoteko eta nireak (ez beste inorenak) diren erabaki hauek ondo hartzeko; eta, batez ere, inolako presiorik gabe”.
Lehenbizi bere burua babestu behar zuela argi zuen: “Hasierako momentu nahasi horietan salatu izan banu oraindik epaiketetan ibiliko nintzen (egokitutako epaileen ustez nire jarrera egokia izan ote zen edo ez)... bidean oso galduta”.
Hargatik, osatze feministarako ibilbidea lagunduta egitearen garrantzia azpimarratu du, ez baita bide erraza: “Hau ez da bakarrik egiteko bide bat, hau gainditzeko laguntza ezinbestekoa dela uste dut”.
Instituzioak “benetako sustenguak” ez diren bitartean, gizarteak ez duela orokorrean laguntzen uste du, baina Aiaraldean asko direla beharra duen oro laguntzeko prest daudenak, “bereziki eskerrak eman nahi nizkioke gure tandem taldeari, errespetuz eta nire nahi eta beharretatik bidelagun izateagatik, nire psikologoari, eta lagun berezi horiei: mila mila esker hor egoteagatik”.