AEBn egindako ikerketa batean frogatu dute maila sozioekonomikoan diferentzia handiak egoteak arrastoa uzten duela haurren garapen neurologikoan. Hala, desberdintasun ekonomiko nabarmenean bizi diren haurrek osasun mentaleko arazoak izateko joera handiagoa dute, hainbesteko diferentziak ez dituzten lekuetakoek baino. Hortaz, garunaren garapena ez dago soilik erlazionatuta haurren sendiek duten maila sozioekonomikoarekin, baizik eta bere estatuan dagoen berdintasunarekin (edo berdintasun-ezarekin).
Ikerketan, 9-10 urteko 10.000 haurren garunak aztertu dituzte, erresonantzia magnetiko bidezko irudigintzaz (MRI), eta desberdintasun sozioekonomikoarekin erlazionatu dituzte emaitzak. Desberdintasun sozioekonomikorik handiena New York, Connecticut, Kalifornia eta Floridan neurtu dute. Aldiz, Utah, Wisconsin, Minnesota eta Vermont dira diferentzia txikienak erakutsi dituztenak diru-sarreretan.
Desberdintasun sozial handia duten lekuetan, aldaketak ikusi dituzte garunen egituran, hala nola sare neuronalen arteko konexioan eta eremu kortikalaren lodieran. Gainera, buruko osasuneko sintomekin erlazionatzen dela ere frogatu dute, bereziki, antsietatea eta depresioa izateko arriskuarekin. Ikertzaileen esanean, inguruan diferentzia handiak egoteak estresa sortzen du, eta hori izan daiteke ikerketan antzeman dituzten ondorioen arrazoia.
Erabili duten metodologia beste leku batzuetarako ere egokia dela iradoki dute, eta adierazi dute ikerketak agerian jarri duela desberdintasun sozioekonomikoari aurre egiteko politikak sendotzeko beharra. Adibide batzuk ere eman dituzte: zerga proportzionalak, osasun-zaintza unibertsala, komunitateak batzeko ekimenak, azpiegitura publikoetan inbertsioak…
Ildo beretik, beste ikerketa batean ikusi zuten AEBko aberatsenek ere Europako aberatsek baino bizi-itxaropen laburragoa dutela, han handiagoa delako aberatsenen eta pobreenen arteko tartea.