argia.eus
INPRIMATU
Desalojatu egin dute Tolosako Ezpala gaztetxea, "agindurik gabe"
  • Goizaldeko 04:30ean bertaratu da Ertzaintza gaztetxera, eta bi orduren bueltan ekin diote husteari; objektu eta altzariak ateratzen ari dira orain.

Tolosaldeko Ataria @tolosaldeataria 2016ko urtarrilaren 13a

Joan den abenduaren 23an okupatu zuen, Tolosako Gazte Asanbladak, Izaskunera igoeran dagoen lantegi zahar bat. Beren proiektua bertan finkatu eta, gabonetako hitzordu seinalatuak pasata, proiektua egonkortzea zen gazteen helbururik behinena, lantegia txukunduz. 

Gazteak eraikina husteko arriskuaren jakitun ziren, baina jabearekin negoziazio batera iritsi nahi zuten: "Badakigu arrisku hori badela, baina badakigu ez dutela Ezpala di-da batean, bat-batean, hustuko; prozesu luzeagoa izango da, pauso judizial guztiekin", zioten, atzo bertan, asanbladako kideek.

Baina ezustekoa 04:30ean iritsi da, gaur, Ertzaintza gaztetxearen ingurumarietara bertaratu denean. Tolosako Gazte Asanbladak azaldu duenez, bi orduz han inguruan ibili, eta 06:30ean ekin diote desalojoari. "Gaztetxeko atetik sartu dira, eta ezer indartu gabe".

Une honetan altzariak ateratzen ari dira eta, asanbladako kideek jakinarazi dutenez, "desalojo agindurik gabe hustu dute gaztetxea". Agindua eskatutakoan, berriz, honakoa erantzun diete ertzainek: "Zuek ere baimena eskatu behar zenuten sartzeko!".

Gazteen kaleratzea jarraitu eta horren inguruko mezuak idazteko, #EzpalaAurrera traola erabiltzeko deia egin dute Tolosako Gazte Asanbladako kideek.

Oharra: Albiste hau Tolosaldeko Ataritik ekarria da Creative Commons lizentzia libreei esker.