argia.eus
INPRIMATU
Polizia "harrituta", Deportivoko zalearen ustezko hiltzaileak aske utzi dituztelako
  • Francisco Javier Romero Jimmy, A Coruñako Deportivo futbol taldeko zalea iazko azaroan hil zuten Madrilgo Frente Atletico taldeko kideek. Poliziak atxilotu egin zituen ustezko lau hiltzaileak, baina aske utzi ditu epaile batek, poliziak aurkeztutako frogek benetan gertatu zena islatzen ez dutelakoan.

Jon Torner Zabala @jtorner 2015eko maiatzaren 22a
Frente Atletico taldeko kideak, partida baten atarian (Argazkia: Marca)

Poliziak hainbat bideo aurkeztu zituen froga gisa, eta besteak beste irudi horietan oinarrituta atxilotu zituzten Atleticoko lau zaleak. Orain, baina, auziak ezusteko bira eman du. Hasieran ikertzaileen zalantza eta zailtasun guztiak erasotzaileen inguruan sortu baziren, erasoa jasan dutenengan jarri dute lupa orain, El Pais egunkariko Patricia Ortega kazetariak nabarmendu duen bezala.

Atxilotuen defentsak dioenez, poliziak aurkeztutako bideoetan Manzanares ibaira erortzen ikusten den pertsona ez da hildakoa, bere kabuz atera zen Deportivoko beste zale bat baizik. Poliziak berretsi egin du Jimmy dela, baina Madrilgo 20. Instrukzio Epaitegiko magistratu Juan Antonio Saenz de Pedrok defentsari arrazoi eman eta aske utzi ditu ustezko lau hiltzaileak, bi lekukoren testigantzetan oinarrituta.

Mugikortasun agente batek eta bideoetako bat grabatu zuen taxilariak adierazi dutenez –polizia iturrien arabera–, ibaira erori zen lehenengo pertsona –gerora bere kabuz atera zena– ez zen Jimmy izan, Santiago Miguel baizik.

Poliziak "harriduraz" hartu du epailearen erabakia. "Ez dugu zalantzarik, Jimmy da, bere gorpuzkera argalagatik, zeraman arropagatik, ileagatik...". Agenteek azaldu dute polizia eta udaltzain gehiagoren testigantzak entzun gabe hartu duela erabakia epaileak.

Bere aldetik, Deportivoko Riazor Blues zale-taldeak epailearen erabakiaren aurrean "mespretxurik handiena" azaldu eta "justizia" eskatu du.