Dentistaren itxarongela

  • Bertsolariak: Aitor Sarriegi (688 puntu), Alaia Martin (667), Agin Laburu (650), Jon Maia (623) eta Beñat Lizaso (592,5).


2013ko azaroaren 18an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Aitor Sarriegik lortu zuen puntu gehien Oiartzungo Elorsoro kiroldegian egindako saioan. (Argazkia: Alberto Elosegi / Bertsozale Elkartea)

Joan den larunbatean Oiartzunen zuen hitzordua txapelketa nagusiak. Lehenago ere bertan saioak izan direnetan beti eraman dut oso leku hotza denaren irudipena. Txukuna da, bai. Jendea erruz biltzen du, ados. Ez da argiegia, baina publikoa aurrean garbi ikusi daiteke. Itxura guztien arabera egokia da, baina badu halako puntu deseroso bat. Dentistaren itxarongela dirudi.

Saioa bera ere halaxe joan zen. Dentistaren itxarongeletan oso ohikoa izaten da hari musikala, kantuak aurrera eta atzera. Ez dira izaten kanta on-onak, baina inoiz ez txar-txarrak ere. Halako batean kanturen bat belarrira besteak baino gustagarriago egingo zaizu, baina ez zara itsutuko zeinen kantua ote zen asmatu nahian. Nahiko melodia indiferenteak izaten dira. Oiartzungoak dezente izan zuen hari musikaletik.

Aurreko saioetan kanporaketetatik zetozen bertsolariek koska bat gora egin zutela nabarmena izan bazen, ezin genezake halakorik esan Oiartzuni buruz. Hain zuzen, aurreko fasean inpresio onenetakoa utzi zidaten bertsolariak ziren kantuan, Aitor Sarriegi eta Jon Maiarekin. Baina oholtza gainekoak urrun ikusi nituen espero nuenetik. Ez da azaltzen erraza. Bertsolariak ez ziren bereziki urduri ikusten. Itxura hori eman zuten behintzat. Ez ziren aritu bertsoa osatu ezinaren langa horretan, baina oro har oholtzatik urruti zeudela iruditu zitzaidan. Salbuespenak salbuespen -horretan atera zuen koska Sarriegik-, kantari hasi aurreko denborak, ahots tonuak, kantakerak, doinuak, denak oso grisak iruditu zitzaizkidan, Alaia Martinen zortziko txikiko bisigua bezala. Baten batek esango du, bertsolariekin egiten diren ohiko bereizketak gogoan, ez zirela Oiartzungoak txapelketako bertsolaririk bizi eta umoretsuenak. Baina ez naiz horretaz ari, beste zerbait izan zen. Indarra falta izan zitzaion saioari, olatuak altxatzea. Pena da, benetan saio potentea egiteko gaia bazegoen eta oholtza gainean.

Saiotik zerbait azpimarratzen hasita, Agin Laburuk zortziko handian egin zuen lana azpimarratuko nuke lehenik eta behin. Ez ziren aparteko bertsoak izan beharbada, baina elkarrizketa antzu antzeko batean oso urrutira joan gabe, arrazoi lurtarrekin lan ederra egin zuen. Luzimendu gutxiko eta lan handiko bertsoaldia. Eta gauza bera esan genezake Sarriegiren zortziko txikiko saioaz: Beñat Lizasok alderantziz ulertu zituen gaian markatutako paperak, eta Sarriegik egoera horretan burututako lana ikaragarria izan zen. Bide batez, esan dezadan formulazioaren arabera logikoagoa litzatekeela Sarriegi hasi izana edo paperak trukatzea, Beñatek inkontzienteki egin zuen bezala.

Puntu erantzunak eta seiko motza hortxe nonbait joan ziren. Puntu erantzunetan hasi ginen igartzen Jon Maiak ez zuela beretik emango. Oso motel ikusi genuen, berea ez den kadentzia batean. Bakarkakoak ere ez ziren txarrak izan, baina ez dira bertsolaritzaren urrezko orritan geratuko.

Azken emaitzak entzun eta, zer esango dugu ba, horrela behar zuen. Berriz esango dut, pena da. Ea hurrengo itzulira doazenek beraien marka uzteko modua egiten duten.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bertsolari Txapelketa 2013
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa: dramatismoa gora, hitanoa behera

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren bilakaera aztertu du IXA ikerketa taldeak, 1986ko sariketatik abiatu eta 2013kora arte. Besteak beste, erabilitako neurriak, doinuak eta euskara alderatu dituzte. Datu bat: 2013an gaien % 77 dramatikoa izan da eta %23 umorezkoa.


Eguneraketa berriak daude