argia.eus
INPRIMATU
Denboraleak kalteak utzi ditu kostaldean
  • Kalte handiak eragin ditu Gipuzkoa eta Bizkaiko zenbait herritan, Donostia, Zarautz, Bermeo eta Ondarroan, besteak beste. Alarma gorria amaitu da jada, baina alerta laranjak jarraituko du bihar goizaldeko 6:00ak arte.

Ane Urkola Agirrezabala @irrikaz 2016ko otsailaren 09a
Bermeoko olatu-hormaren 50 metro inguru apurtu dute olatuek. Argazkia: Busturialdeko Hitza

Gipuzkoa

Donostia. Pasealeku Berria, La Perla, Ondarreta eta Mundaiz eta Maria Kristina izan dira kaltetuenak, hiriburuko Udalak agiri batean adierazi duenez. Alde Zaharreko Abuztuak 31 kalean eta Zuloaga plazan ura sartu da, baina dendetan eta etxebizitzetan ez du kalte larririk eragin. Kontxa Pasealekuan, La Rotonda diskotekan ura sartu da, eta kalte handiak eragin ditu.

 

 

 

Zarautz. Olatuek gogor astindu dute, eta malekoiko erdialdean dauden bi tabernetara ura sartu da, Urola Kostako hitzak jakinarazi duenez. Arraun elkartea, Moro surf eta Galtzagorri elkarte gastronomikoa ere gogor kolpatu dituzte olatuek. Olatuek malekoia gainditu dute, eta ondoan dauden hainbat pasabideetara heldu da ura. Informazio gehiago Urola Kostako Hitzan.

 

 

Zarautz-Getaria arteko N-634 errepidea bi norabideetan itxita egon da, baina zabaldu dute jada.

 

 

 

 

Hondarribia. Butroi Pasealekuan kalteak egin dituzte olatuek eta haize ufada bortitzek: harrizko harresiaren zatiak askatu dira bi lekutan, eta hondakinak sakabanatu dira.

 

 

Bizkaia

Bermeo. Olatu-hormaren 50 metro inguru apurtu dituzte olatuek, eta, ondorioz, Portu Zaharrera sartu da ura. Lau itsasontzi txiki hondoratu ditu urak.

 

.

 

Ondarroa. Alde zaharrean ura sartu da, eta lokalen bat eta autoren bat kaltetu ditu, Segurtasun Sailak baieztatu duenez. Portuan, ontziak lotzeko txikotak apurtu dira, eta urak portu erdia hartu du. Informazio gehiago Lea Artibai eta Mutrikuko Hitzan.

 

 

Getxo. Denboraleak kalteak eragin ditu Ereagako hondartzako barandako metro batzuetan, eta Portu Zaharreko estolda-estalki batzuk ere bere tokitik atera ditu urak.

Lekeitio. Isuntza elkartea txikitu dute olatuek. Pobeñan (Muskiz) itsasgorarekin batera uholdeak izan dira. Elantxoben, aterpetxeko teila batzuk eta teilatu-hodia apurtu dituzte olatuek, baita arraun elkartearen egoitzako horma zati bat ere. Ibarrangelun, bestalde, baranda bat apurtu du uraren indarrak, Laida hondartzan.

Alarma gorria amaituta, alerta laranja emana du Euskalmetek 07:00etatik asteazkeneko 06:00ak arte. Haize ufadengatik ere abisu horia dago 18:00ak arte.