Korrikaren 19. edizioa Urepelen hasiko da: 2.161 kilometro eta 11 egun geroago Bilbon izango du amaiera. Hementxe daukazu irteera egunerako jakin behar duzun guztia.
Euskal Herri osoko herri eta auzoak antolaketa lanetan ari dira, ekimenak eta agendak uztartu dituzte eragileek eta erakundeek, herritarrak gogotsu daude, biharko eguna iritsi zain.
Euskaldunak ahalduntzea du helburu aurtengo Korrikak eta aurretik egindako lan hori guztia, metatutako indarra, ekitaldia amaitu ondoren ere irautea: “Korrikaren gar horri bizirik eutsi nahi diogu –esan dio Berriari Asier Amondo Korrikako arduradunak–, edizio batetik bestera indar berriak hartzeko eta gauza berriak egin ahal izateko. Horretarako, hainbat eragileren konplizitatea behar dugu”.
Xalbadorren herritik Euskal Herri osora
Ostegunean 17:00etan ekingo diote korrikari Urepelen eta goizean goizetik egitarau zabala duen festa antolatu dute Xalbadorren herrian. AEK-k jakinarazi duenez 9:00etatik 18:00etara Urepelera doan bidea itxita egongo da; aparkaleku bereziak prestatu dituzte eta autobusez funtzionatuko du garraioak.
Lekukoa AEK-ko irakasle eta irakasle ohiek eramango dute lehen kilometroan. Horren aurretik Korrika Ttikia izango da. Iparraldeko Korrika Ttikiek indar handia hartu duten azken edizioetan eta 8.000 bat haurrek hartuko dute parte aurten.
Donibane Garazitik pasa ondoren Zuberoa aldera joango da Korrika eta gero Nafarroako lurretan barna ibiliko da. Ibilbidea zehaztasun gehiagoz ikusteko aukera mapa honetan daukazu.
Atzerrian ere Euskahaldun
Korrikak aspaldi ekin dio ibilbideari atzerrian ere. Munduko hamarnaka hiritan jadanik egin dituzte euren korrikalditxoak diasporako euskaldunek eta herrialde horietako euskaltzaleek: Paris, Newport, Lima, New York, Berlin,Cancun, Bartzelona… Kasu askotan hizkuntza gutxituen aldeko mezua daramate gainera.
ARGIAk Korrikaren berri mundu osoan izateko ekimena jarri du martxan, ekitaldia zertan datzan azaltzen duen testua ahalik eta hizkuntza gehienetara itzuli nahi du. Jadanik ia 40 hizkuntzetara ari dira itzultzen horretarako prest azaldutako Euskal Herriko eta mundu osoko boluntarioak.