argia.eus
INPRIMATU
Barra warroak
Dena ez da hain guaia
Behe Banda 2025eko abenduaren 10
Behe Banda

Mugia makinatik pasatuta, txoferraren atzeko aulkian eseri naiz. Koadernoa erdialdetik ireki, eta erabili gabe zegoen orri random batean berridatzi ditut, txukun-txukun, telefonoko oharretan aspalditik apuntatuta neuzkan puntu guztiak:

- Kuntzak eta kerak, Sara Uribe-Etxeberria..

- Burutiken diska berria.

- “Hasiera bat” kamiseta.

- Silueta, Harkaitz Cano.

- Berriako agenda.

- Dena zulo bera zen, Eider Rodrigez…

(Denbora emango balit) Ahizparentzat Izaroren agur bideo bat eta amarentzat Neomaken Lazturak orbain.

Landakora heltzean, postuz postu buelta azkar bat eman dut, lehenik, eta koadernoko puntuei ordena bat ezarri, gero: honekin hasiko naiz eta beste honekin jarraituko, horra lehenbailehen hel nadin eta, etxekoekin konplituta, lagunekin tragoren bat edo beste hartzeko tarterik sobra dakidan.

Koadernoa tick erdi-okerrez bete, eta sartu dut, bultzaka, sorbaldatik zintzilik neraman poltsari geratzen zitzaion zirrikitu estu batean. Landakotik irten, lagunekin trago bat, barre zoro asko, “bua, ikusi zer erosi dudan” batzuk, beste hiru trago, besarkada erronda bat, eta “aio, badator autobusa, egongo gara, sinfalta e, aiooooo”, eta eskuarekin airera bidalitako muxu bat. Bukatu da aurtengoa ere.

Ondorioztatzera heldu naiz, polita dela euskaldunok bertan elkartzea, baina, agian, hain-hain-hain polita izateko, elkartu behar genukeela kultur ekitaldietan edo norbere herriko liburu aurkezpenetan

Mugia makinatik pasatuta, txoferraren atzeko aulkian eseri naizenean, poltsa magalean jarri dut, bi eskuak bertan sartu eta barnealdea sakon arakatu nahian. Tentazioari eutsita, etxera heldu arte ezer ez irakurtzen hastea agindu diot neure buruari. Liburu, disko eta kamiseta guztiak, beraz, txukun-txukun, bata bestearen gainean jarri, eta sartu ditut, berriro, poltsan. Leihotik begira, pentsatu dut zeinen polita den abenduko zubiko Durangorako txangoa, zenbat eskaintzen dion azoka honek euskal kulturari, eta euskal kulturak guri, eta guk euskal kulturari, eta hori behin eta berriz. Pentsatu dut zeinen polita den euskaldunok bertan elkartzea, eta egitea topo umetan udalekutan ezagutu zenuen ez-dakit-nongo lagun horrekin, eta ikustea gertutik zure idolorik handiena, eta igotzea Instagramera erosi duzun libururik guaienaren argazki bat, eta hori dena.

Gero, autobusetik jaitsi naiz, eta elkartu naiz nire kuadrilla batekin, eta esan diot super pozik natorrela Durangoko azokatik, eta galdetu dit ea zer den hori. Jarraian, joan naiz tabernara, eskatu diot kafesne bero bat zerbitzariari, eta “¿Perdóne, qué?” erantzun dit. Kafekonletxea eskuan, sartu naiz tranbian, eta egin nahi izan diot irri txiki bat ondokoari, esanez bezala, egingo diodala lekutxo bat, nahi badu, eser dadin; baina ez du begiradarik altxa telefonotik.

Etxera iristean, ilusio usteldua zerion Tote Bag-a besaulkira bota, izozkailuan asteak zeramatzan kalabaza purea berotu, eta mikrouhin-labeari begira, ondorioztatu dut, agian, ez dela hain-hain polita abenduko zubiko txangoa; agian euskal kulturak ez digula hain-hain-hainbeste eskaintzen guri, eta –ziurrenik– guk hain-hainbeste edo ia batere eskaintzen ez diogulako dela hori, agian horregatik galdetu didala kuadrillako lagunak ea zer den Durangoko Azoka, eta agian errua ez dela berea bakarrik. Ondorioztatzera heldu naiz, polita dela euskaldunok bertan elkartzea, baina, agian, hain-hain-hain polita izateko, elkartu behar genukeela kultur ekitaldietan edo norbere herriko liburu aurkezpenetan, martxoan eta ekainean ere.

Pure beroa platerera atera, eta telebistari begira afaldu dut, azkenean: Operación Triunfo pantaila handian, eta Tote Bag-a besaulkian.