argia.eus
INPRIMATU
Dena blokeatu!
Joseba Alvarez @JosebaAlvarez 2025eko irailaren 04a

Horixe da datorren irailaren 10ean Frantziako Estatua hankaz gora jarriko duen deialdi herritar berriaren lema. Sarean gaia lantzen ari diren gune asko daude, baina bi interesgarrienak aipatzearren, hor daude, besteak beste, @lessoulevements edota @bloquonstout atariak.

Izan ere, uztailaz geroztik, alderdi politiko eta sindikatuen dinamiketatik at eta horiek itxaron gabe, lehenago Jaka Horiek egin zuten bide bera jorratuz, sumindutako hainbat herritarrek sare sozialetan matxinada berri baterako deia zabaldu dute uda osoan. Denboran luzatuko den matxinada berriak “Dena Blokeatu” izena du, horixe baita helburua, Macronen politikaren aurka, Estatu osoa blokeatzea, bestelako bide bat martxan jartzeko prozesu soziala abiatzea.

Gogoan izan behar da, Europar Batasuneko beste estatu gehienek bezala, Frantziako Estatuak ere okertze bidetik jo duela azken urteotan. Besteak beste, ondorengo bi urteetan gastu militarra bikoizteko asmoa du Macronek, gastu eta behar sozialei 43.000 milioi euroko dirutza kenduta. 

Ildo berean, gaur arte lehen ministroa izan den Bayrouk 2026rako aurkezturiko larrialdi-aurrekontu proposamenak zuzen-zuzenean kolpatzen ditu dagoeneko egoera oso larrian dauden oinarrizko zerbitzu sozialak, hala nola osasuna, hezkuntza, kultura, garraioak... Litekeena da, irailaren 8an, “Dena Blokeatu” bezperan, Bayrouk dimisioa eman eta gobernua erortzea, aurkeztu duen larrialdi-aurrekontuak ez duelako Frantziako Legebiltzarrean aurrera egiterik izango. 

Herritarren eta eragile sozialen “Dena Blokeatu” proposamenak, indar politiko eta sindikalen eskutik etorri ohi diren mobilizazio eta greba deialdiak gainditzea du helburu

Macronek zuzentzen duen Frantziako Estatuaren krisialdia areagotu baino ez du egingo gertakari horrek, eta bide batez, “Dena Blokeatu” ekimena indartu. Instituzioak ahuldurik, indar politiko eta sindikalak noraezean, herritarren matxinada indartzera doa Frantziako Estatuan, mundua pikutara eta eskuin muturra agintera daraman bideari freno jartzeko asmoz. 

Dagoeneko ehunka lan talde sortu dira Frantziako Estatu osoan, sare sozialetan, baina baita herri, auzo, hiri eta enpresatan ere. Batzarrak martxan daude non nahi, “Dena Blokeatu” horrek tokian toki, autonomia osoz hartuko duen forma zehazteko. Izan ere, ez da egun baterako mobilizazio dei bat izango, eraldaketa prozesu bat martxan jartzeko deia baizik.

Herritarrek eta eragile sozial nagusiek -Lurraren Altxamendua eta besteek- martxan jarri duten ekimenak hartu duen indarra ikusirik, indar politiko eta sindikalak ere mugitzen hasi dira. Mélanchonen Frantzia Intsumisoak greba orokorrerako deia zabaldu du irailaren 10erako eta bide bera jorratzen hasi dira sindikatuak ere, CGT horien artean. Eta, nola ez, Macronen gobernua hasi da ere bere eraso judizial, mediatiko eta poliziala presatzen, Jaka Horien aurka bideratu zuen errepresio bortitza bermatzeko: milaka atxilotu, ehunka epaitu eta espetxeratu, dozenaka zauritu larri, besteak beste, polizia pilotek lehertutako hogeita lau begiak...    

Izan ere, herritarren eta eragile sozialen “Dena Blokeatu” proposamenak, indar politiko eta sindikalen eskutik etorri ohi diren mobilizazio eta greba deialdiak gainditzea du helburu. Greba eta mobilizazio puntualen eragina mugatuagoa da, eta gero eta langile gutxiago dira denboran luzatuko litzatekeen greba bati eusteko aukera dutenak, sektore pribatuan eta zerbitzuetan, adibidez. Blokeoa, aldiz, edonoren esku, formetan askotarikoa eta denboran luze izan daitekeen ekimena da, hala diseinatzen bada. Dena blokeatu daiteke, produkzioa, komertzioa, administrazioa, energia, banka, garraioa, autobidea, kaia, industrialdean, errepidea... Berdin du zein den ofizioa, berdin du non bizi zaren, nekazal eremuan ala zonalde hiritartuan... Dena edonon blokeatu daiteke. 

Niri, honek guztiak, Euskal Herrian Herri Harresien dinamika dakarkit burura, ilusio sortzailea, autonomoa, asanblearioa, konfrontatzailea... herritarren arteko harreman sarea indartzen duena, adin tarte guztietan borrokarako grina, elkarlana eta elkartasuna pizten dituena, epika txikiz eta handiz betetzen dena...

Tamalez, Frantziako Estatuan ikusten ari garen bilakaera ankerra ez da gertakari isolatu bat. Europar Batasunaren eta munduaren bilakaera orokorraren ispilua da Frantziako Estatuan gertatzen ari dena. Horrelakoa da faxismo berria, kapitalista, militarista, xenofoboa, matxista, pribatizatzailea, prekarizatzailea, kulturalki uniformizatzailea, genozida, kontsumista, kutsatzailea... Eta tendentzia horiek guztiak Euskal Herrira ere iritsiko dira, iristen ari dira. Faxismo berriari aurre egiteko prestatu behar dugu geure burua. Guk ere “Dena Blokeatu” beharko dugu, aurrera egin nahi badugu, dena blokeatzea ez baita ekintza bat, eraldaketa prozesu oso baten hasiera baino. 

Burujabetzaren Aldeko Mugimenduan (BAM) azpimarratzen dugun moduan, desobedientzia da askatasun bidea, kolaborazio ezarena, herri erresistentziarena, ekintza zuzenarena, desobedientzia zibilarena, konfrontazioarena.

Joseba Alvarez, BAMeko kidea