Azaroaren 8an hautatuko dituzte Ordezkarien Ganbera osoa eta Senatuaren herena, AEBetako legealdi erdiko hauteskundeetan –midterm deritzotenak–. Inkestek ia ziurtzat ematen dute demokratek gehiengoa galduko dutela behe ganberan, eta errepublikanoek lortu; goi ganberako emaitza zalantzan dago. Joe Biden presidentearen agintaldia baldintzatuko dute hauteskunde hauek.
AEBetako Kongresua bitan banatuta dago: Ordezkarien Ganbera –goi ganbera– eta Senatua –behe ganbera–. Horixe da estatubatuarrek bozkatuko dutena azaroaren 8ko midterm hauteskundeetan: Ordezkarien Ganberako 435 eserlekuak eta Senatuko 34 eserleku –organoaren herena–. 36 estatutako gobernadoreak ere hautatuko dituzte boz hauetan.
Emaitza edozein dela ere, ez da Etxe Zuritik joango Joe Biden presidente demokrata –2024an amaitzen du agintaldia–, baina erabakigarria izango da Kongresuaren eraketa berria datozen urteetarako. Presidentetzarako hauteskundeen aurrekaria izango da, eta Joe Biden eta Donald Trump zein tokitan dauden ikusiko da. Inkestek argi utzi dute Bidenek zeukan onarpena galdu duela agintaldiak aurrera egin ahala.
Inkesten arabera, ia ziurra da demokratek galdu egingo dutela Ordezkarien Ganberako gehiengoa. Egun, 220 eserleku dituzte demokratek, eta 212 errepublikanoek –218 behar dira gehiengoa izateko–. Beraz, Senatuan dago jarrita fokua, zalantza handiagoa baita. Orain arte berdinduta daude 50na botorekin, baina berdinketetan demokratek Kamala Harris presidenteordearen bozka dute, emaitza euren alde jartzeko. Azken hauteskundeen gisara, Pennsylvania estatuko emaitza erabakigarria izango da AEB osorako.
Azken hilabeteetako kanpainan errepublikanoek indarra jarri dute ekonomiari buruzko gaietan, herritarrak inflazioak itota baitaude, besteak beste. “Migrazioaren auzia” eta “segurtasuna” ere izan dituzte hizpide, ohi duten eran. Demokratak, aldiz, emakumeei zuzendu zaizkie batik bat, abortu eskubidea bermatzeko eurei botoa emateko eskatuta.
Azken egunetan aldatu dute apur bat diskurtsoa, eta ekonomia gaiak txertatu. Halere, adituen esanetan ez dute asmatu herritarrengan eragiten, “demokrazia arriskuan” dagoela edo “abortu eskubidea defendatzeko” beharra azpimarratzea baino, ekonomiara zuzendutako neurriak azaltzea interesatzen baitzaio estatubatuarren gehiengoari.