argia.eus
INPRIMATU
ERCk eta CDCk ez dute Pedro Sanchezen inbestidura babestuko
  • ERCko bozeramaileak, Sergi Sabriàk, argi utzi du alderdi politiko horrek Kongresuan dituen 9 diputatuek inbestiduraren kontra bozkatuko dutela.

Ane Urkola Agirrezabala @irrikaz 2016ko otsailaren 02a
Joan Tardà eta Gabriel Rufiá ERCko diputatuak.

“ERCk ez du babestuko autodeterminazio eskubidea eta kataluniar guztien burujabetza onartzen ez duen Gobernurik”, Vilawebek esan duenez. Era berean, adierazi du Kataluniaren burujabetza onartzen ez duen gobernua ezin dela progresistatzat hartu, eta gogorarazi du sozialistek ez dutela ERCrekin bildu nahi izan.

Sabriàk Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak egindako diskurtsoa ere izan du jomuga. Sanchezek adierazi zuen Katalunia gobernatzen duten alderdi politiko nagusiak ustelkeria kasuez zipriztinduta zeudela. “Uste dut ez dakiela ondo zer den ERC”, eta gogorarazi zion PSOE dela hainbat ustelkeria kasuri aurre egin behar izan diena, Púnica, Pokemon, Filesa, Marea edota ERE, esate baterako. Sabriàk gaineratu du sozialistek PSC behartu zutela ordura arte defendatzen zuten erreferendumari uko egitera.

Democracia y Libertadek (DL) ere –CDC Espainiako Kongresuan– Pedro Sanchezen inbestiduraren aurka bozkatuko du: “Ez dugu alde bozkatuko, eta ez gara abstenituko erreferenduma egiteko konpromisorik gabe”. CDCko bozeramaileak, Marta Pascalek, adierazi du Pedro Sanchezen inbestidura erraztea “kontraesan nabarmena” izango litzatekeela alderdi politiko horrek I-27ko mandatua betetzeko duen konpromiso elektorala kontuan hartuta.

Pascalek azaldu du jendea entzuteko bokazioa izanez gero, ez luketela hautestontziak jartzeko beldurrik izango. “Plurinazionalitate ministerioa sortu beharrean, hautestontziak jarri behar lituzke”, erantzun dio Pablo Iglesiasen proposamenari.

Icetak ere ez du ERC edota DLren babesik nahi

PSCko idazkari nagusiak, Miquel Icetak, ez du PSOEk DL eta ERC alderdi politikoekin pakturik egitea nahi: “Katalunian, gobernu independentista ezin da alderdi ez independentistekin osatu. Berdin gertatzen da Espainian; independentista katalanek independentzia edota erreferenduma nahi dute, eta hori ezin dute PSOErekin adostu. Ezinezkoa da”.