"Frantziar eta espainiar estatuen salbuespenezko espetxe politika da erantzule"

  • Espainiako eta Frantziako estatuak egin dituzte Kepa del Hoyoren heriotzaren erantzule Etxerat mugimenduko kideek asteartean Loiolan emandako prentsaurrekoan.

Prentsaurreko jendetsua egin du Etxeratek Kepa del Hoyoren heriotza salatzeko. (Argazkia: Etxerat)

2017ko abuztuaren 01an - 17:29

Badajozeko espetxean kirola egiten ari zen bitartean eman zion bihotzekoak Kepa del Hoyo euskal preso politikoari, pasa den igandean.

"Euskal gizarteak ezin du beste bizitza bat utzi konponbidearen bidean, bide orri bateratua atzeraezina da" adierazi dute. Euskal preso eta iheslari politikoen senide eta lagunen elkarteak espetxean hiltzen den "azkena izan dadila" eskatu dute.

Kepa del Hoyo preso galdakoztarrak 20 urte zeramatzan kartzelaz kartzela, ETAri hainbat ekintza egiteko informazioa ematea egotzita 30 urtera zigortua. Espainiar legedia beteta kalean behar zukeen kondenaren bi herenak jada beteak zituelako.

Irakurri jarraian adierazpen osoa:

Kepa del Hoyo preso politiko galdakoztarraren heriotzaren aurrean, gure mina azaldu eta gure dolumin eta elkartasun osoa adierazi nahi diegu bere senitarteko eta gertukoenei.

Kepa del Hoyoren heriotzaren erantzukizun osoa dauka frantziar eta espainiar estatuek mantentzen duten salbuespenezko espetxe politika suntsitzaile honek. Mendeku gosean oinarritzen diren neurri ankerrek eraman dute preso galdakoztarraren bizitza. Ez ote da krudela Kepa del Hoyoren senideek 750 kilometro egin behar izatea haien ahaide maitearen gorpu bizigabea ekartzeko, 20 urte luzez egin dituzten bidaia amaigabeen eta nekagarrien moduan?

EAEko Espainiako Gobernuko ordezkari Javier de Andresek duela gutxi adierazi zuen ez duela inoiz bizitza galdu barroteen atzean larri gaixo den euskal preso politiko batek, baina errealitatea tematia da eta euskal gizarteak badaki gezurra dela. Horregatik, Etxerat elkartea behin eta berriz aldarrikatzen ari da larri gaixo diren euskal presoen askatasuna eta gainontzekoen euskal herriratzea.

Kepa del Hoyoren galera aldez aurretik idatzitako heriotza kronika bat da. Preso bizkaitarra ez zegoen 13 euskal preso gaixoen zerrenda publikoan, ezta publikoa ez den zerrenda osatzen duten 9 izenen artean ere. Horien berehalako kaleratzea eskatzen du euskal gizarteak, baina, del Hoyo erail duena bestelako sufrimendua eta urte luzeetako zama izan da. Urrun dauden espetxetan kondena luzeak betetzen ari diren presoen kolektiboko kidea zen Del Hoyo, eta horrek eragiten dituen kalte fisiko eta psikologiko guztiak pairatu ditu.

Urrunketa eta dispertsio hori bera da senide eta lagunek jasan behar duten zigor bikoitza eragiten duena. Espetxe politika horrek berak eragiten du senide eta lagunek ezintasunez eta minez egin behar izatea tramite eta dokumentazio guztia haien maitea lehen bait lehen etxera ekartzeko.

Nahiz eta Etxerat elkartetik salbuespen politika hauen salaketa egin hamarkada luzez, espetxe politika honen indarkeriak Kepa del Hoyoren heriotzaren gisako egoera lazgarriak eragiten jarraitzen du. Nahiz eta azkenaldian konpondu gabeko gatazka politiko horretan heriotza berri bat gertatzeko aukera zegoela errepikatu dugun, frantziar eta espainiar estatuek ez dituzte hasi espetxe politikak beharrezkoak dituen aldaketak.

ETAren borroka armatuaren eteteak ia 6 urte beteak ditu eta badira 4 hilabete erakundea armagabetu zela. Euskal preso eta iheslari politikoen senide eta lagunek, eta errepresaliatuek, ordea, ezin dugu salbuespen espetxe politikak eragindako min eta sufrimenduaren inguruan iraganean hitz egin. Egunerokoan eta astero bizi baititugu senide eta lagunok espetxe politika ankerraren ondorioak.

Ezin dugu gehiago itxaron. Jakitun gara Euskal Herriko instituzio zein eragile politiko, sindikal eta sozialek bide orri bateratu bat osatzeko baldintzak sortzen ari direla, behingoz presoen aferari behin betiko konponbidea emateko asmoz zentzuzko epe eta denbora egingarrian. Euskal gizarteak ezin baitu beste bizitza bat utzi konponbidearen bidean.

Gaur iluntzean Kepa del Hoyoren hilotza Boluetako beilatokira iritsiko da. Bertan egongo da Etxerat bere senide eta gertukoei babesa eta elkartasuna helarazteko. Ez zaudete bakarrik.

Berriro diogu:

Ezin dugu itxaron! Espetxe politika hiltzailea!

Etxean eta bizirik nahi ditugu!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal preso politikoak
Sortuko sei kide epaituko dituzte euskal presoei "ongi etorri" ekitaldiak antolatzeagatik

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Manuel Carcía Castellón epaileak sei pertsona epaituko ditu Ongietorrien auzian: Antton López Ruiz Kubati, Kai Saez de Egilaz, Pipe San Epifanio, Haimar Altuna, Oihana Garmendia eta Oihana San Vicente. Guztiak Sortuko kideak... [+]


26 urteko espetxealdia atzean utzita aske da Iñaki Garces otxandiarra

Astelehenean jakinarazi du albistea Etxerat elkarteak. Otxandioko preso politikoa baldintzapeko askatasunean zegoen 2023ko martxoaz geroztik.


Euskal preso eta iheslari politikoen aldeko jaialdia egingo dute Ezpeletan larunbatean

Kontzertuen bidez euskal preso eta iheslariak laguntzea da xedea. Aurten, Rakatapunk, Xutik eta Esne Beltza dira egitarauan.


Eguneraketa berriak daude