Deja vu

  • Transnistriak Nafarroaren azaleraren erdia du, baina bere biztanle gehienak Baltikotik Pazifikora zabaltzen zen inperio erraldoi batean jaio ziren. Sobiet Batasuna erori zenetik 17 urte pasa diren arren, zaila egiten da horretaz gogoratzea Tiraspolen, Transnistriako hiriburuan. Herrialde ttipi honetako biztanleak oso harro daude euren "iragan handiaz", eta garai hartako sinboloak egundaino mantendu ez ezik, berritu ere egin dituzte hainbatetan.


2008ko abuztuaren 08an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:02
50 kopek. (Arg: Karlos Zurutuza)

Oroigarrien artean, gobernu egoitzaren aurreko Leninen eskultura izango da deigarrena ziurrenik. Granito gorriz egina, mendebalderantz begira dago bere idulkitik, Dniester ibaiaren beste alderantz. Dena den, nonahi topa daitezke sobietar ikurrak: paretetako afixetan, banderetan, unibertsitatean, postetxean...

Gagarin kaletik paseeran, denbora eten denaren sentsazioa indartuz joaten da. Poliziek igitaia eta mailua sorbaldan dituztela bideratzen dute trafikoa, trolebus eta txirringaz dabiltzan soldaduen artean. Transnistriako Dom Soviet-etik ("Sobieten Etxea", parlamentua) Breznev edozein momentuan aterako dela ematen du. Agintaria azaldu bitarte, sarreran dagoen politburoaren argazki sorta aztertzen dugu. Baina Breznev atzeratzen ari da, eta, honezkero, zuri-beltzean erretratatu bakoitzaren domina kopuru zehatza memoriz dakigu.

Asperdurak jota, gerra-heroiak protagonista duten postal batzuk erostera jo dugu aurreko kioskora. Merkeak dira, bakoitzak errublo bat eta 50 kopek besterik ez. Dendariak gure txanponak hartzen ditu, atzamarrak erditik moztuta dituzten eskularru horiekin. Eta orduantxe erreparatzen diogu detaile bitxi bati: txanponetan orain arteko ohiko sinboloak ageri dira, noski, baina horien azpian "2005" grabatu du norbaitek kobrean... Etorkizuneko mamuak ote?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Transnistria
2008-08-08 | Karlos Zurutuza
Moldaviako juduak

Jakob Kravtxik duzue honako hau, Moldaviako hiriburuan gelditzen diren judu gutxienetako bat. Hamaika buelta eman ditugu Chisinautik auzo judutarren bila, eta beste hamaika sinagoga topatu arte, kale estu eta aldrebestuak baitira auzo zahar honetakoak. Tenpluaren atarian,... [+]


2008-01-20 | Karlos Zurutuza
Transnistria
Oztopo guztien gainetik
Nafarroa baino txikiagoa den arren, bertakoek munduko herrialderik handienean jaio zirela diote. Transnistriarrek euren bandera, moneta eta pasaportea dute, baita inoiz entzuten ez den ahotsa ere.

2005-01-02
Holokaustoaren errautsen azpian milioi bat ijito

Pello Zubiria zubiria@argia.eus II. Mundu Gerran milaka ijito hil zituzten naziek eta kolaboratzaileek Europa okupatuan. 60 urte pasa dira geroztik, eta oraindik aski aztertu gabeko genozidioetako bat da gure artean. Aldiz, ijitoena da Europak gaur ere dauzkan minorietatik... [+]

Eguneraketa berriak daude