argia.eus
INPRIMATU
'Deia' egunkariko langileak greban dira, hamalau urtez soldatak izoztuta dituztela salatzeko
  • Maiatzaren 16tik 18ra greba egingo dute Deia egunkariko langileek, lantaldeak batzarrean gehiengoz hala erabakita. Salatu dute 2009tik soldatak izoztuta dituztela eta hogeitasei lagun kaleratu dituztela.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2023ko maiatzaren 17a

Noticias komunikazio taldeko Deia-ko langileek grebara jo dute beste behin, euren lan baldintzak direla eta. Maiatzaren 16an, asteartearekin, hasi zuten lanuztea eta ostegunera arte iraungo du. Hala erabaki du lantaldeak batzarrean.

Enpresa batzordeak helarazitako oharrak dioenez, 2009tik soldatak izoztuta dituzte eta ondorioz eros ahalmenaren %40 galdu dute. Gainera, lantaldea erdira murriztu da, eta EEE baten bidez hogeitasei langile kalean geratu dira.

Langileek azaldu dutenez urritik sei bilera egin dituzte Enpresa Batzordeak hala eskatuta, hitzarmen berria negoziatzeko, baina "enpresak jarraitzen du langileentzako proposamen ekonomikorik egin gabe".

Edukiak enpresa "fiktizio" baten esku

Laneko egoeraren berri ere eman dute grebalariek. Hala, diotenez, lantaldeko hamabi lankide NTM izeneko enpresan ari dira. Edukiak eskaintzen dituen enpresa "fiktzioa" dela salatu dute, soldata baxuagoa ordaintzen duena, eta Ekonomia, Politika, Gizartea eta beste hainbat sailetako albisteetako edukiak eskaintzen dituena.

Bestetik, Noticias Taldeak Deia argitaratzeko erabiltzen zuen Iparragirre argitaletxeko Boroako inprimategiaren salerosketan informazio falta eta "iluntasuna" ere salatu du Enpresa Batzordeak.

Duela urte bete, 2022ko martxoan, Iparragirre argitaletxeko eta Deia-ko langileek greba mugagabeari ekin zioten, baina negoziazio batzuen ostean bertan behera geratu zen. Besteak beste, kaleratze gehiago ez zela izango eta soldatetan igoera bat egongo zela adostu zuten, baina zehaztasun gehiagotara iritsi gabe.

Greba egunetan lagileek pikete informatiboak, pankarta jartzeak eta elkarretaratzeak egingo dituzte.