Gasteizko jaiei hasiera ematen dien Zeledonen jaitsieran pankartak debekatu zituen Gorka Urtaran alkateak ostiralean. Igandean, urtez urte ohikoak diren hainbat pankartez gain, tamaina erraldoiko beste bat eskegi dute agintarien gainean.
Gasteizko alkate Gorka Urtaranen azken orduko debekuak ez du eraginik izan. Ez bada isildu nahi zituen aldarrikapenei ikusgarritasun handiagoa eman izana. Ostiralean, prentsaurrekoan, igandeko Zeledonen jaitsieran Andra Mariaren plazara pankartak sartzea debekatuko zuela iragarri zuen. Udaltzaingoak plazaren sarbideetan hamar kontrol gune ezarriko zituela egin zuen mehatxu, eta pankartak ateratzea isunak ekar zitzakeela azpimarratuz.
Igandean, euskal preso eta iheslari politikoen aldeko ohiko pankartak presente egon dira plazan. Horrez gain, jaien hasiera iragartzen duen arratsaldeko seietako txupinazoa baino minutu batzuk lehenago ezusteko pankarta bat agertu da. Hainbat ekintzailek pankarta erraldoia eskegi dute San Miguel elizaren teilatutik behera, agintari eta ordezkari politikoen buru gainean. Handik zuzentzen zaio Zeledon plazan bildutako jendeari. "This is not Spain nor France. Euskal Herriak independentzia", zioen pankartak. Buruzagi politiko batzuen eta udaltzainen haserrea nabaria izan da, zenbait lekukoren esanetan.
🎬 VÍDEO | Así ha sido el momento en que han desplegado una pancarta en la propia balconada a pesar de las prohibiciones del alcalde https://t.co/KakxDqAdJL pic.twitter.com/vLOQmfkW7y
— Hala Bedi (@halabedi) August 4, 2019