Egiptoko Gobernuak Israelen presioei men egin eta ehunka pertsona atxilotu ditu, Gazara egitekoa den martxa gelditu nahian. Hala ere, milaka lagunek martxari hasiera emateko prest jarraitzen dute, Israelen blokeoa apurtu eta genozidioa gelditzeko presioa egin asmoz. Melisa Pérez García gasteiztarra Kairon dago, atxilotu egin dute asteazken goizaldean, beste hainbat kiderekin batera. Beste asko ez bezala, haiek aske utzi dituzte.
Nolakoak izan dira azken 24 orduak?
Kairon gaude Gazara martxan parte hartzeko, eta azken egunetan hemen biltzen joan gara hainbat pertsona. Atzo hasi zen Polizia abioietan heldutako jende asko atxilotzen eta deportatzen, eta jada Kairon zegoen jendearen bila ere ibili dira, hoteletan atxilotzen. Gure kasuan, goizeko ordu bietan sartu zaizkigu gelara, indarkeria askorekin. Bi pertsona geunden gelan, azalpenik eman gabe atera gaituzte, furgoneta batzuetan igo eta aireporturantz eraman gaituzte. Pasaporteak eta telefonoak kendu dizkigute, eta orduak eman ditugu Kairotik bueltaka, janaririk eta edaririk gabe, komunera joaten utzi gabe ia, eta ez digute enbaxadarekin hitz egiten utzi aireportura heldu arte. Aireportuko gela txiki batzuetan sartu gaituzte, alboko ate batetik, inork ez ikusteko, eta han ikusi dugu jende gehiago zutela atxikita. Jende asko atxilotu dute eta asko deportatu. Hamalau orduz izan gaituzte hor, guk erresistentzia pasiboa egin dugu, eta azkenean askatu egin gaituzte Bego [Oleaga] eta biok.
Beste kide asko ere atxilotu dituzte, ezta?
Bai, eta indarkeria asko ikusi dugu, batez ere Argelia eta Italiako kideen aurka. Errepresio eta deportazio bereziki bortitzak ikusi ditugu. Baina ez dugu erdigunean jarri nahi guri gertatu zaiguna, ez da kasu isolatu bat, zapalkuntza sistematikoa da, bizitza palestinarrak zigortzen dituena eta Palestina defendatzen dugun pertsonak kriminalizatzen gaituena. Guri gertatutakoa salatu nahi dugu, bai, baina begiradak Gazan egon behar du jarria, herri palestinarra jasaten ari den horretan.
"Errepresio eta deportazio bereziki bortitzak ikusi ditugu"
Gainerako kideei zer gertatu zaien badakizue?
Hotel ezberdinetan harrapatu gaituzte asko. Gurekin batera Espainiako Estatuko 11 pertsona atxilotu gaituzte, bi Euskal Herrikoak. Guri ateratzen utzi digute, baina oraindik ez dakigu ongi zer gertatu den gainontzekoekin, ezin izan dugulako denekin kontaktua izan. Badakigu gure kide Agus Gorbea deportatu egin dutela, bera da deportatu duten euskaldun bakarra.
Zer irakurketa egiten duzue horrena? Azkenean aske utzi zaituztete berriz.
Ez daukagu ideiarik, uste dut eskuetatik joan zaiela. Surrealista izan da. Goizeko ordu bietan kolpeka sartu gelara, Kairotik bueltaka ibili, aireportura eraman eta ordu pila bat eduki hor... Guk erresistentzia baketsua egin dugu, aireportuan esan digutelako aukera genuela deportatuak ez izateko, guk erosten bagenuen itzulerako abioiaren bidaia. Egoera zaurgarrian zeuden hiru pertsonek erabaki dute bidai txartela erostea, baina beste zortziok ezetz esan dugu, han geldituko ginela.
"Begiradak Gazan egon behar du jarria"
Bihar ateratzekoa da Gazara martxa.
Bai. Ideia zen gaur [osteguna] elkartzea denak Kairon, 50 herrialde baino gehiagoko ordezkaritzak. Bihar, ekainak 13, goizean, autobusa hartzea da asmoa al-Arifera iristeko, eta handik oinez abiatu, hiru egunez, Rafahko mugara arte. 50 kilometro mugara, eta han bi egunez kanpalekua ezarri. March to Gaza ekimenaren antolakuntzatik erabaki da aurrera egingo dugula martxarekin, blokeoa apurtu nahi dugulako, genozidioa salatu, eta exijitu harreman oro eten dezatela Israelekin. Ez dugu ekintzarik ikusten ez Europaren partetik, ez Espainiako Estatuaren ez Eusko Jaurlaritzaren aldetik, eta gizarte zibila antolatu behar da blokeoa apurtzeko. Elkartasuna ez da delitua, kriminalizatzen saiatzen ari diren arren.
Egiptoko Gobernuak martxa debekatu du. Zer espero duzue gertatzea?
Ez dakigu. Debekatu egin omen dute, baina guk aurrera jarraituko dugu. Modu baketsuan, baina martxa egingo dugu. Badirudi Israelek presio asko egin diola Egiptori, eta mehatxu egin du Egiptoko lurretan sartuko dela. Salatu nahi dugu Egiptok men egin diola Israeli, eta Ameriketako Estatu Batuei, batez ere
"Ez dago ekintzarik gobernuen aldetik, gizarte zibila antolatu behar da blokeoa apurtzeko"
.Palestinako egoera salatzeko baliatu nahi duzue martxa, eta baita elkarrizketa hau ere.
Hori da. Komunikabideek begirada Palestinan jartzea nahi dugu, ez guri gertatu zaigun honetan. Setio egoeran daude Palestinan, 3.000 kamioi daude mugan geldirik, sartzeko zain, eta blokeoa apurtu beharra dago laguntza humanitarioa sartu ahal izateko. Genozidioa gelditu beharra dago, eta gure gobernuek harremanak eten ditzatela Israelekin, ez dadila hitz politetan gelditu, gauzatu dadila. Euskal Herritik presioa egiten jarraitu beharra dago, hori da martxa honen helburua ere, presioa egin dezakegu bakoitza dagoen lekutik abiatuta.