David Pla aske utziko dutela jakin berri da. Iragan otsailean Epaitegi Korrekzionalak bost urteko zigorra ezarri zion David Plari. Alabaina, apirila amaitu baino lehen Osnyko espetxea utziko duela aditzera eman du haren abokatuak. Edonola ere, zigorra beteta izan arren, Espainiak indarrean jarritako 2011ko euroaginduaz erabaki behar dute. Anartean, Hendaiara bueltatu daitekeela jakinarazi diote, kontrol judizialpean betiere.
Bestalde, Unai eta Jon Parot anaiak, Esnal eta Haranburu presoekiko elkartasun ekintza izanen da apirilaren 13an, Baiona eta Donibane Lohizune artean. Beste lau euskal preso politiko horiek abantzu 30 urte eman dituzte presondegian. Bagoaz kolektiboak zigor luzeen kontra ekimen berri bat iragarri du hil honen 13rako. 30. urtea bete berriak direlarik, beraien askatasuna eskatzeko beste ekimen bat ezagutarazi du Bagoaz kolektiboak. Apirilaren 13an, ostiralez, Baiona eta Donibane Lohizune artean ordu berean, hamar bat kontzentrazio eginen dira presoen egoera salatzeko.
Presoen aldeko kolektiboaren eledunek diotenez, “justizia injustua da" lau presoek pairatzen dutena. Elkarretaratze bitartez irmoki salatu nahi dute euren egoera krudela.