argia.eus
INPRIMATU
David Pla aske utzi du epaileak, baina Espainiako Estatutik irteteko debekua ezarri dio
  • Asteazken goizean zuen deklaratzeko hitzordua. Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile María Tardonek hartu du erabakia. Hendaian bizi da David Pla, eta ezin izango du bertara joan.

ARGIA @argia 2020ko otsailaren 19a
Argazkia: ARGIAren artxiboa.

Tardón epaileak David Pla libre uztea erabaki du. Baina Espainiako Estatutik irteteko debekua ezarri dio ere, eta hortaz ezin izango du Hendaiara bueltatu. Bertan bizi da Pla, familiarekin. Astean behin epaitegian sinatzeko agindua ezarri diote ere. Orain arte Plak epaitegian ezarri zaizkion hitzordu eta betekizunekin bete duela argudiatuta hartu du behin-behinean preso ez sartzeko erabakia Tardónek. Fiskalak ez du espetxeratzea eskatu.

H-Alboka sumarioaren barnean deklaratzera zegoen deitua Pla. Auzi horretan inputatutako pertsonei ETA eta EPPK arteko lotura egitea egozten diete, presoen kolektiboa “kontrolatuz”. Zehazkiago, 2008an etakide batekin bildu izana leporatzen dio Espainiako Justiziak Plari. Frantziako Poliziaren txosten batek dio, aldiz, egun horretan Pla Frantziako Estatuko Fresnes espetxean zegoela bisita bat egiten. ARGIAk Plaren abokatu Amaiz Izkorekin hitz egin du. Defentsak argudiatu du Frantzian etakidea izateagatik zigorra bete duela jada, eta hortaz ezin zaiola delitu berberagatik berriz epaitu. Epaileak ez du horren inguruko erabakirik hartu. H-Alboka auzia epaituko duen epaitegiak ebatsi beharko du hori, epaiketa egin aurretik. Ebazpena "hilabete gutxi" barru heltzea espero du defentsak.

Otsailaren 13an atxilotu eta asteartean Espainiaratu zuen Pla Frantziako Gobernuak, euroagindu baten ondorioz. Frantziako justiziak beste euroagindu baten inguruko erabakia hartuko du gaur. Iratxe Sorzabal Espainiako Justiziaren eskuetan utzi edo ez erabakiko du. Iratxe Sorzabalen aurka abiatutako laugarren euroagindua da.