argia.eus
INPRIMATU
David Cameronek onartu du Pat Finucane abokatu irlandarraren hilketak Estatuaren laguntza jaso zuela
  • Pat Finucane abokatu nazionalista irlandarra 1989an hil zuten paramilitar unionistek. Aste honetan batzorde berezi batek berretsi du Erresuma Batuak erraztu egin zuela haren hilketa. David Cameron lehen ministroak publikoki onartu du poliziaren eta paramilitarren arteko lankidetza.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2012ko abenduaren 13a
Pat Finucane 1989an hil zuten paramilitar loialistek.

Finucane hiltzeko “kolusio maila izugarria” egon zela baieztatu du Cameronek eta onartezintzat jo du. Abokatua hiltzeko paramilitarren eta Erresuma Batuko segurtasun indarren arteko kooperazioa beharrezkoa  izan dela baieztatu da batzordeak egindako ikerketan.

Cameronek uste du probablea dela RUCeko agenteek proposatu izana paramilitarrei Finucane hiltzeko. RUC (Royal Ulster Constabulary), 1922tik 2000ra bitartean Irlanda Iparraldean jardun zuen polizia da, Erresuma Batuko Gobernuaren agindutara. Ez da polizia horrek talde paramilitarrekin kolaboratu zuela argi geratzen den lehenbiziko aldia, David Cameronen adierazpenak bestelako onarpena emango dion arren.

Dena den, Finucaneren alargunak salatu du “zikinkeria alfonbra azpian gorde” duela batzordeak, “estalkia altxa eta Pat-i eta beste askori gertatu zitzaiena argitzeko saiakerarik egin gabe”.

Geraldine Finucanek eskatu du hilketaren ikerketa publikoa egin dadila, lekukoak galdezkatuak izan daitezen eta euren ekintzen berri eman dezaten. Irlandako gobernuak eta giza eskubideen aldeko taldeek bat egin dute alargunaren eskaerarekin.