argia.eus
INPRIMATU
Datuen eta informazioaren kudeaketa burujabearen garrantzia hizketa gai izango da Euskarabildua jardunaldian
  • Teknologiaz inguraturik bizi gara, mugikorraren alarmarekin esnatzen gara, uneoro jakinarazpen desberdinak jasotzen ditugu, eskumuturrean daramagun ordenagailuak eguneko pultsazio guztiak zenbatzen ditu... Informazio eta datu horiek guztiak multinazional eta enpresa handien eskuetan uzten ari gara, jakin gabe zer erabilera egiten duten horrekin. Eta gaur egungo ekonomia datuetan oinarrituta dago, informazioa duenak dauka boterea. Gai honi buruz hitz egingo dute aurtengo Euskarabildua jardunaldian Eñaut Gracia Errenteriako Udaleko zinegotziak eta Asier Iturralde ARGIAko eta Iametzako lankideak.

ARGIA @argia 2022ko urriaren 20a

Gracia Errenteriako Udaleko Gizarte Zerbitzuetako eta Modernizazioa, Informazioaren Gizartea eta Herritarren Parte-hartzea azpisaileko zinegotzi ordezkaria da. Bere hitzaldian instituzio baten ikuspegitik datuen kudeaketa burujabeak duen garrantzia azpimarratuko du.

ARGIAko eta Iametzako informatikari Asier Iturraldek berriz, Google Analytics tresnaren alternatiba den Matomo webguneen estatistikak neurtzeko softwarea aurkeztuko du. Era berean, euskaraz lan egiteko garaian bigarren honek eskaintzen dituen abantailak aipatuko ditu.

Euskarabildua jardunaldia urriaren 27an egingo da San Telmo museoan eta antolatzaile da ARGIA, Iametza eta Ametzagaiña taldeko enpresekin batera. Bertaratu nahi izanez gero, webgunearen bidez izena eman daiteke.