argia.eus
INPRIMATU
Datozen urteetako maskaradak eta pastoralak noiz eta non?
  • Erabakita dute zuberotarrek datozen hamar urtetako pastoralak eta hiru urtetako maskaradak zein herrik emango dituzten, eta zerrenda luzatzen doa urtetik urtera. Hilabete honetan gehitu dira, adibidez, Lakarri-Altzaiko herritarrak. Martxoaren hasieran Xiberoko Boza Irratian iragarri zuten 2024rako maskaradak prestatzen ari zirela; egun batzuen ondoren, ordea, adierazi dute 2025ean emango dituztela. Izan ere, kontuan hartu gabe zuten duela bi urte Pagolako gazteek adierazi zutela 2024ko maskaradak antolatuko zituztela. Beraz, Lakarri-Altzaiko gazteek urtebete atzeratzea izango dela egokiena erabaki dute.

dantzan.eus 2022ko apirilaren 07a
Abdelkader pastorala, Ürrustoi-Larrabile, 2021-07-25. Argazkiak: Amaiur Aristi - Dantzan

Herritarrek ikusten dutenean badela taldea eta gogoa maskaradak edo pastorala prestatzeko hedabideetan ematen du horren berri. Gerta liteke urte berean herri bat baino gehiagok adieraztea pastoralak edo maskaradak prestatzeko asmoa. Orduan, akordiora iristen saiatu ohi dira eta ez badute lortzen posible da urte berean bi herrik antolatzea maskaradak. Pastoralen kasuan ez da izaten horren ohikoa urte batean bi pastoral plazaratzea, baina gertatzen da tarteka.

Barkoxeko maskaradak, Barkoxe, 2021-01-08. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan

Hemen dituzue datozen urteetako maskaradak eta pastoralak nork eta noiz emango dituzten adierazten duen zerrenda:

Maskaradak

  • 2023 Maule
  • 2024 Pagola
  • 2025 Lakarri-Altzai

Pastoralak

  • 2022 Muskildi
  • 2023 Urdiñarbe
  • 2024 Gamere-Zihiga
  • 2025 Barkoxe
  • 2026 Sohüta-Hoki
  • 2027 Zalgize-Iruri
  • 2028 Altzürükü
  • 2029 Aloze
  • 2030 Idauze-Mendi
  • 2031 Lakarri-Altzai