argia.eus
INPRIMATU
Datozen hilabeteetan “El Niño” fenomeno atmosferikoa itzuliko dela ohartarazi du NBEk
  • Datozen urteetan bero-errekorrak hausteko arrisku handia dagoela ohartarazi du NBEk. "El Niño" fenomenoak mundu osoko kliman alterazioak sortzen ditu, eta muturreko egoerak sor ditzake, urakanak kasu.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko maiatzaren 04a
El Niño fenomenoak lehorteak eragin zituen Indonesian, 2015ean.

"El Niño" fenomeno meteorologikoa datozen hilabeteetan itzul daitekeela ohartarazi du Nazio Batuen Erakundeak.  Horrek bero-errekorrak haustea ekar dezake, erakundeko NBEko Meteorologiaren Mundu Erakundeak (MME) asteazkenean adierazi duenez. "El Niño" uztailaren amaieran garatzeko %60ko aukera dago, eta %80koa irail amaierarako.

Fenomeno hori azken aldiz 2018-2019 ikasturtean gertatu zen, baina "ahula" izan zen. Horren aurrekoa, ordea, 2014 eta 2016 artekoa, "inoizko indartsuenetakoa"; hots, orain arteko bero-errekorrak 2016an izan ziren. MMEk azaldu duenez, datozen hilabeteetako efektuak eragindako tenperatura igoera handiena 2024an nabarituko da: "Hurrengo bi urteetan munduko tenperaturen igoera larria izatea espero dugu".

Egoera anormalak sortzen dituen fenomenoa

Erdialdeko eta ekialdeko Ozeano Bareko tenperatura igotzearen eta hainbat lurraldetako presio atmosferikoak aldatzearen ondorio da "El Niño" fenomenoa. Bi eta zazpi urteko tarteetan agertu ohi da, eta bederatzi eta hamabi hilabete artean irauten du. Mundu osoko kliman alterazioak eta egoera anormalak sortzen ditu. Lurralde lehorretan, Hego Amerikan esaterako, prezipitazioak ugaritu egiten dira, eta Indonesia bezalako lurralde hezeetan lehorteak gertatu. Muturreko fenomeno klimatiko eta metereologikoak ere eragin ditzake. Udan, ipar hemisferioan, urakanak sortzeko arriskua dago Ozeano Barearen erdialdean eta ekialdean, baina, era berean, urakanak sortzea oztopatu dezake Atlantikoan.