argia.eus
INPRIMATU
‘Databasan’ murgilduko dira 20. Feministaldian, azaroaren 26tik 29ra Donostian
  • Kultura Feminista Jaialdiak hogei tailer, solasaldi eta performance baino gehiago eskainiko ditu Tabakaleran eta Kontadoresen, eta burujabetza digital eta teknologikoa sustatzea izango du ardatz. 45 artista, pentsalari eta aktibistak gidatuta, datuen oldeak sortzen duenari buruz eta memoria ariketari buruz hausnartzeko gunea izango da.

Leire Artola Arin 2025eko azaroaren 17a
Feministaldia

“Datuen objektibotasunaren diskurtsoa zalantzan jarri eta irakurketa feminista, antirrazista eta queerrak ekarriko dira gurera, munduaren ikuskera ez algoritmiko baten alde elkarrekin pentsatzeko jaialdia izango da”. Halaxe aurkeztu zuten Feministaldiaren 20. edizioa Donostian, pasa den ostiralean. Databasa lelopean antolatu dute aurtengoa, eta data, efemeride, artxibo, algoritmo, eta datu artean barneratzeko aukera eman nahi dute. Azaroaren 26, 27, 28 eta 29an landuko denaren aurrerapena egin zuten ostiralean: Marta G. Franco kazetari eta ekintzaileak ‘Interneten aldeko defentsa bat’ solasaldia eskaini zuen, eta ondoren ‘Zahartzaro feministarantz, Boga-boga’ dokumentala estreinatu zuten, adineko emakumeen Ondarroako Boga-boga elkartearen 30 urteko ibilbidea azaltzeko.

“Subiranotasun digitala, artxibo basak, katxarreo premium, disidentzia konputazionalak eta datu basakeriak: Feministaldia databasa”, jaso du antolatzaileen irakurketak. Aurtengo jaialdiak denetik izango du: solasaldiak, mahai-inguruak, tailer praktikoak, kontzertuak, musika, performanceak... Saio guztiak doan izango dira tokia bete arte, Tabakaleran eta Kontadoresen, eta 29an festa batekin itxiko dute jaialdia, Dabadaban.

Jakina da faxismoaren eta patriarkatuaren gorazarreak interneten aurkitu duela tokia, eta Feministaldiko antolatzaileek horren gaineko analisia egiteko baliatu nahi dute edizio hau: “Interneten ere isla bortitza erakusten du faxismoak eta patriarkatuak, eta premiazkoa da horren kontra-errelatoak mahai gaineratzeak duen urgentziaz hitz egitea”. Analisi hori oinarrian hartuta, hamaika gai jorratuko dituzte: internet feminista sortzea, segurtasun digitala, teknologia politizatzea, adimen artifiziala deskolonizatzea, datu-zentroen ondorioak, kazetaritza feminista egitea, indarkeria polizialaren datuak... Burujabetza digital eta teknologikoa sustatzea dute helburu. Gainera, azken egunean efemerideei lotutako hainbat hitzaldi eta performance egingo dituzte, memoriaren garrantzia azpimarratzeko.

2025eko Feministaldian 45 bat artista, aktibista, pentsalari eta kolektibok hartuko dute parte, besteak beste, SpiderAlex eta Maider Likona ziber-ekintzaileak, Laia Estruch artista eta performerra, Laurence Rassel komisarioa, Sahatsa Jauregi eskulturagilea, Txago kolektiboa eta Maider Galardi, Zuriñe Rodriguez eta Laura Arroyo kazetariak. Egitaraua osorik eta informazio gehiago, feministaldia.eus webgunean.