Ostegunetik aurrera ikastetxeetan musukoa erabili beharko dute toki denetan, baita patioan ere. Ostiralean dantzalekuak itxiko dituzte lau astez. Telelana berriz ezartzeko gomendioa egin die Gobernuak enpresariei eta osasun pasea zorrotzago kontrolatuko dutela iragarri dute.
Hauek dira seigarren olatuan hartutako hainbat neurri:
Frantziako Gobernuak Osasun eta Defentsa Kontseilua bildu du abenduaren 6 eguerdian eta neurri murriztaileak ezarri dituzte bertan, iluntzean Jean Castex Frantziako lehen ministroak eta Olivier Veran Osasun ministroak jakitera eman dituztenez.
Ostegunetik aurrera Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan uneoro maskara jarrita egon beharko dute ikasle eta langile denek (gela barruetan zein patioan kanpoan). Jantoki garaian neurri bereziak hartu beharko dituzte ikasleen arteko gurutzatzeak saihesteko eta hiru kutsatutik gora dauden ikasgelak itxi egingo dituzte.
Abenduaren erdialdera bestelako gaixotasunak dituzten 6-11 urte bitarteko haurrentzat txertatzeko aukera zabalduko dela iragarri du Frantziako Gobernuak, eta haur guztiei hurrengo urte hasieran zabalduko zaiela aukera, oraindik medikamentuen batzordeen oniritzirik publiko egin ez bada ere.
Castex-ek enpresei dei egin die astean 2-3 egunean telelana ezarri dezaten eta iragarri du funtzionarioek astean hiru egun egingo dituztela etxetik. Neurri hau ez da derrigorrezkoa, enpresarioei egindako aholkua baizik.
Urte bukaeran egiten diren enpresetako bilkura eta ospakizunak saihesteko eskatu du Castexek.
Ostalariei eta kultur zein kirol ekitaldien antolatzaileei eskatu die "zorrotzago kontrolatzeko" osasun pasea, lan hori egitea dagokiela azpimarratuz. "Kontrol gehiago egingo ditugu guk ere, baina komeni litzateke jendeak birusarekiko beldurrez jokatzea eta ez gendarmeekiko beldurrez".
Osasun paseari buruz, esanguratsua da indarrean hilabeteak badaramatza ere, kutsatzeen datuak egun nabarmen handiagoak direla orain urtebete paserik ez zenean baino.
Dantzalekuak itxiko dituzte abenduaren 10ean lau astez. Castexek honela argudiatu du neurri hau: "Birusa asko dabilelako gazteen artean eta espazio hauetan zaila delako babes neurriak betetzea".