Danimarkako Gobernuak argudiatu du, azken urteotako aldaketa geopolitikoen aurrean defentsarako baliabide gehiago behar dituela. Errusiak Ukraina inbaditu izana aipatu dute preseski, baita AEBetako Trump presidenteak Groenlandia uhartea kontrolatzeko asmoa iragarri izana ere. Soldadutza lau hilabetetatik hamaikara luzatuko dute 2026tik aurrera.
Vilaweb hedabideak jaso duenez, gobernuak oposizioko hainbat alderdirekin batera sinatu du akordioa. Arrazoi ideologikoak azaldu dituzte, alegia, derrigorrezko soldadutzan “genero berdintasun erabatekoa” bermatzeko erabakia dela adierazi du Defentsa Ministerioak. Aipatu dituzte, ordea, erabakia hartzeko arrazoi praktikoagoak: testuinguru geopolitikoan, batetik, Errusiarekin tentsioa areagotzen ari da, eta bestetik, AEBk gero eta presio handiagoa egiten diete Europako herrialdeei defentsan baliabide gehiago jar dezaten. Defentsa Ministerioak adierazi duenez, emakumeak errekrutatzeak esan nahi du “Danimarkako gaitasun handieneko gazte motibatuenak” hartuko direla herrialdeko indar armatuetarako.
Uztailaren 1etik aurrera 18 urte betetzen dituen emakume oro errekrutatu ahal izango dute. 2026an, emakumeentzat bezala gizonentzat, zerbitzu militarrak hamaika hilabete iraungo ditu, oraingo lau hilabeteren aldean. Gaitasun fisiko eta mentalen proba gainditzen dutenen artean zozketa egingo dute. Zozketan egokitzen zaienak zerbitzu militarrerako zerrendan gelditzen dira eta besteak errekrutatu gabe gelditzen dira. Lehenengo zozketa 2026ko apirilean egingo dute. Dena den, gaur egun, zerbitzu militarreko ia plaza guztiak boluntarioek betetzen dituzte, eta horietako laurdenak emakumeak dira. Errekrutatuen zerrendara joko dute boluntarioak nahikoa ez direnean.
Danimarkarren %70ak gastu militarra emendatzea hobesten du
Inkestek diote danimarkarrak defentsa gaitasunak handitzearen alde daudela. Maiatzean Europako Kanpo Harremanen Kontseiluak argitaratutako galdeketa baten arabera, daniarren %70ak gastu militarra emendatzea babesten du. Inkestan parte hartutakoen ia herenak zioen oso kezkatuta zegoela energia nuklearraren hedapenagatik, balizko Hirugarren Mundu Gerragatik eta Ukrainako gerra gaindituko lukeen Europa mailako gatazka bategatik. Hala ere, Ukraina ez da beldur-iturri bakarra. Daniarrak kezkatuta daude Trumpek iradoki duelako Danimarkaren menpekoa den Groenlandia irla kontrolpean hartuko lukeela.
Danimarka, Norvegia eta Suedia salbuespenak
Danimarkak moduan, Norvegiak eta Suediak ere gauza bera egin dute azken urteotan; emakumeak ere errekrutatzen dituzte soldadutzarako. Erabaki horiek iritsi dira Errusiak Krimea bereganatu duenean, eta batez ere, Errusia Ukrainan sartu denean. Munduari begiratuz gero, ordea, salbuespenak dira hirurak. Pew Research Center-en arabera, herrialdeen herenak baino gutxiagok dituzte derrigorrezko soldadutzak indarrean, eta horietako gehienek gizonak baino ez dituzte errekrutatzen.