Damutuak

  • Iragan asteburuan izan genuen Euskal Preso Politikoen Kolektiboak burutu duen eztabaidaren inguruko emaitzen berri, eta kontaezinak dira ordutik hona horren aurrean sortutako erreakzioak eta deklarazioak.


2017ko uztailaren 07an - 09:32

Kolektiboak onartutako proposamenak ontzat emango du, hemendik aurrera, preso bakoitzak aukeratu ahal izatea ze urrats emango duen espetxe legediaren aurrean onurak lortzeko orduan.

Guk pentsatzen dugu EPPK-k irakurketa politiko bat egiten duen neurrian, zilegi dela kritika politikoa ere egin ahal izatea, erabakiak izan ditzakeen ondorioez ohartaraztea eta preso politikoen batasunaren kalterako izango dela eta, ondorioz, haien babesgabetasuna handituko duela esatea.

Ez da hori, ordea, idazki honen helburua, izan ere, horrelako irakurketak egiteko aukera eduki baitugu lehenago eta edukiko baitugu etorkizunean ere, jarrera politikoak ez direlako egun batetik bestera finkatzen, denboran luzatzen diren dinamiken bidez baizik. Kezka handia sortu digute batzuek, gehienetan anonimotasunetik eta sare sozialen bitartez, EPPK-ren zuzendaritzaren proposamenari “baiezkoa” eman zioten presoen aurka zabaldutako hainbat mezuk: “Damutuak”, “221 preso arrunta gehiago”, “traizioa”…

Eztabaidaren parametroekin ados egon ez arren (2012an hasitako presio kanpaina, komunikabideen jokabidea, kalean konfrontazio ideologikoa saihestu izana kaletik eztabaida baldintzatzen zen bitartean, espetxeko gradu sistema ez ezagutzeko blokeo informatiboa…), ezin dugu gure patio-kideak izan direnen aurkako antzeko erasorik inolaz ere onartu.

Ezin dugu ahaztu haietako batzuk, gaur egun desadostasun ideologikoak izanda ere, gure sostengua izan direla kartzelan egon garen bitartean, etsaiaren aurrean gurekin batera plantoak, gose grebak, itxialdiak eta beste hainbat ekimen burutu dituztenak direla, une gogorretan guregatik kezkatu direnak. Ezin dugu ahaztu haietako asko urte mordo daramatzatela preso edota kondena luzeak dituztela betetzeke, eta inoiz damutu ez denari ezin zaiola damutua deitu.

Bestetik, ez zaigu bidezkoa iruditzen egungo egoeraren ardura nagusia beraien bizkarrean jartzea ezta hain modu zorrotzean epaitzea. Baiezkoa eman duten presoen artean badago konbikzio osoaz eta ilusioz jokatzen duenik, badago pelikularen amaiera gustuko izan ez arren puntu honetara helduta ontzat eman duenik, badago bere indarren mugara iristen ari denik eta damutu gabe beste bide batzuk jorratu nahi duenik. Edozein kasutan, damutzen ez den inor ez da damutua.

Ezin dugu ahaztu haietako batzuk, gaur egun desadostasun ideologikoak izanda ere, gure sostengua izan direla kartzelan egon garen bitartean, etsaiaren aurrean gurekin batera plantoak, gose grebak, itxialdiak eta beste hainbat ekimen burutu dituztenak direla, une gogorretan guregatik kezkatu direnak

Ez dezagun bilatu egoeraren ardura kate-begi ahulenean, benetako arazoa kalean baitago. Ez bagara gai herri mugimendua indartzeko egoera honek ez du bueltarik izango. Ezin diegu presoei eskatu guk egiten ez dugun ahalegina, ezin diegu presoei gehiago eskatu herri mugimendua indartzeko behar bezain beste egiten ez dugun bitartean. Inork ez zukeen ausardiarik izango presoei espetxe legedia onartzea eskatzeko kalea pil-pilean mantentzeko gai izan bagina 2009a eta gero.

 Amnistiaren aldeko borrokari dagokionez, mundu guztiari eskatuko geniokeena bere ekarpena antolakuntzaren bitartez egitea da. Proiektu hau aurrera ateratzeko ez da nahikoa bizkarrean zaplada ematea ezta urtean birritan edo hirutan manifestatzea. Potentzialtasun handiko apustua egin dugula ziur gaude, baina bizi dugun egoera zailean ekarpen konstruktiboek berebiziko garrantzia hartzen dute. Hori zor diegu gugan konfiantza jarri duten guztiei, batez ere haien babesa modu publikoan eman diguten errepresaliatu politikoei eta, oso bereziki, Kolektibotik kanpo dauden lau presoei, haien kemena gure indarra delako, gure indarra haien arnasa delako.

Hasi garen moduan bukatuko dugu, kritika politikoa zilegi dela esanez, eta norbaitek kontra egin nahi badigu argudioak eman beharko dituela baieztatuz. Baina ez dezagun perspektiba galdu, eta Estatuak preso, deportatu eta iheslari politikoei puntilla emateko ahalegin berezia egiten ari diren honetan, beraiekiko errespetuz joka dezagun.

 

Artikulua

Fernando Lizeaga

Ziortza Fernandez Larrazabal

Jon Beaskoa

eta Sendoa Juradok sinatua da.

 (Preso politiko ohiak eta amnistiaren aldeko militanteak)

 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
"Mario Lopez" eta "Gernika"

Krimen matxistak, mediatizatzen direnean, emakumeontzat lezio bilakatu ohi dira, eta bizirik badago, biktimarentzat. Nerea Barjola ikertzaileak Alcasserko kasuaren bidez azaldu zigun hori. Eta Nagore Laffageren hilketak ere lezio astun bilakatzeko arriskua izan zuen, lezioa... [+]


2024-03-31 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Bestaldera begira

Eta arkitektoen burbuilean, krisi klimatikoaren gaineko kezka igartzen al da? Galdetu dit agroekologoak.

Eraikuntzaren sektorea CO2 emisioen portzentaje altuaren eragilea izanik, galderak zentzua badu. Naomi Klein-ek Honek dena aldatzen du liburuan kontatzen du nola hegazkin... [+]


2024-03-31 | Diana Franco
Teknologia
Gorputzaren memoria

Mekanografia ikasi baduzu, gitarra jotzen, josten edo eskuz idazten, ulertzen duzu zure gorputzak zelan memorizatzen dituen zenbait jarduera. Gorputza eta adimena modu miresgarrian daude harremanduta, bat dira. Gizakiok sortu dugun teknologia eta honek gure gorputzarekin duen... [+]


2024-03-31 | David Bou
‘La xarxa ultra’

ARGIArekin azken kolaborazioa egin nuenetik lau hilabete igaro direnean, testu honen bidez nire iritzi-artikuluei berriro heldu diet, baina azalduko dizuet zergatik alde egin dudan denboraldi honetan aldizkari maitagarri honen orrialdeetatik.

Otsailaren 20an La xarxa ultra... [+]


Eguneraketa berriak daude