argia.eus
INPRIMATU
‘Dallas Buyers Club’: Hiesdun pertsonak gara
Josu Iraolagoitia Carmona 2025eko azaroaren 18a

Dallas buyers club  (Dallaseko erosle kluba)
Jean-Marc Vallée (2013)

Zer: Filma
Herrialdea: AEBak
Iraupena: 117 minutu
Non ikusi: Amazon Prime, Movistar eta Filmin

---------------------------------------------

Biktima bezala etiketatzeko ahaleginak kondenatzen ditugu, porrotak berarekin dakarren hitz bat baita. Soilik gutako batzuk gara pazienteak: pasibotasuna, babesgabetasuna eta besteen zaintzaganako dependentzia dakartzan hitz bat. Hiesdun pertsonak gara”. Denverreko Printzipioen hitzaurrea, 1983.

1980ko hamarkada, besteak beste, Hiesak markatu zuen AEBetan. Gaitz ezezagun bat zabaltzen ari zen, gehienbat gay komunitatearen artean, hilgarria eta sendaezina. Hori gutxi ez eta, mediku askok zuzenean gaitz horrekin zetozen pertsonak ez artatzeko hautua egin zuten. Paziente ziren horiek ere ez zuten zorte hobea izan: gaixotasunaren inguruko jakintza ezak, desesperazioak eta komunitate oso bati ezarritako estigmak, fabore baino kalte gehiago egiten zizkieten medikamentuak hartzera behartzen zituzten. 

Testuinguru horretan sortu ziren Erosle Klubak (ez kontzeptu bezala, aurretik eta gero ere egon baitira). Hiesdun pertsonek sortutako elkarteak ziren, gehienetan irabazi asmorik gabekoak, gobernuak eta AEBetako osasun sistemak eskaintzen zituenak baino tratamendu hobeak eskaintzeko asmoarekin eratuak. Bertan, informazio gune izateaz gain, kideen ekarpenekin tratamendu alternatibo baterako erabiltzen ziren produktuak erosten ziren, normalean atzerritik ekarrita, eta prezio hobe batean. Produktu horiek, askotan bitaminak edo bestelako osagarri nutrizionalak, ez zeuden teknikoki galarazita sisteman.

Gaur egun New Yorkeko kluba soilik geratzen den arren, 1980ko hamarkada amaieran AEBetako hiriburu askotan zeuden erosle klubak: Houstonen, Chicagon, Bostonen, Denverren, San Franciscon edo Dallasen.

Honela, pelikulak Ron Woodroofen (Matthew McConaughey) historia kontatzen digu, Texasko elektrikari bat, gehiegikeriaz betetako bizitza baten ostean, 1986an Hiesa diagnostikatu ziotena. Diagnostikoarekin batera hilabeteko bizitza esperantza ere aurreikusi zioten. Horrekin gustura ez eta tratamendu alternatibo bila hasi zen, prozesuan Dallaseko Erosleen Kluba sortzera helduta. Bidean, Rayon (Jared Leto) izeneko Hiesdun trabesti bat ezagutuko du, sozio eta “lagun” izango duena.

Filma bere horretan interesgarria bada ere, ikusteko arrazoia ez da soilik sinopsia –Hollywoodek aurkezpen partziala eta akritikoa egiten baitu–, McConaughey eta Letoren antzezpenak baizik. Lan honekin Oscar banaren hartzekodun egin ziren. 

Bestela beharbada berebizikoa izango ez litzatekeen pelikula bat, erritmo eta interpretazio bikainek beste maila batera heltzea bideratzen dute, aktoreen garrantziaz jabearazita. Zapatu arratsalde baretako pelikula oso egoki bat.