2019-nCoV koronabirus epidemiaren jarraipenean erreferentzia nagusi bihurtu den Johns Hopkins Zientzia eta Sistemen Ingeniaritzarako Zentruak une honetan (astelehena 2, 14:00etan) 17.485 kutsatu zeuzkan kontabilizatuta, horietatik 362 hilak, bat Filipinetan eta gainerakoak Txinan. Herrialde honetan hildakoen kopuruak dagoeneko gainditu du 2002-2003ko gripe atipikoak (SARS birusak) eragindakoak eta lehenbiziko aldiz Txinako agintariek nazioarteari eskatu diote zenbait material eskuratzeko laguntza.
Astelehen honetan Txinak jakinarazi du 57 herritar gehiago hil dituela 2019-nCoV koronabirusak, horietatik gehienak Wuhan hirian. Hubei probintziako hiriburuko jendeak hamabost egun daramatza berrogeialdian, baina agintariek nekeak dituzte izurritea hesitzen. Hain dira handiak epidemiaren neurriak ezen eta Txinako agintariek gaur lehenbiziko aldiz eskatu duten atzerriko herrialdeen laguntzak behar diren adina aurpegirako maskara, esku-larru eta babes-jantziak eskuratu ahal izateko: Txinaren produkzio ahalmena izugarria izanik ere, ezin baitira iritsi behar dituzten kopuruetara.
Gero eta ugariagoak dira Txinatik datozkeen bidaiariei sarrera itxi dieten herrialdeak, bertako biztanleak kutsatuko dituzten beldurrez, Filipinetan gertatu den gisan. Izurriteak lehenbiziko heriotza eragin du Txinatik kanpo: Filipinetan zendu da 44 urteko txinatar bat Wuhandik etorria eta agintariak harekin harremanetan egon diren guztiak aurkitu eta ikertu nahian ari dira, tartean hildakoa iritsi zen hegazkinak zekartzan bidaiari guztiak. Beldurra paranoia ere bihurtzen hasi da zenbait lekutan, hala nola Hong Kongen, non osasungintzako langileak greban sartu baitira Txinarekiko muga itxi dezaten eskatuz.
Txina, Hong Kong eta Macauz landa, Japonia da kutsatu kopuru handiena daukana gaur arte (20 jende), Tailandiak 19 dauzka, Singapurrek 18, Hego Koreak 15, Australiak 12 eta AEBek 11 orain arte.
2019-nCoV izurriak biktimak eragin ditu Txinako ekonomian ere: asteburuko geldialdiaren ostean gaur ateak zabaldu dituenean burtsak %8ko beherakadarekin ekin dio asteari.
The 8% plunge in Chinese stocks today is, understandably, making headlines. But good reporters all note that this is catch-up after a long holiday. More surprising is the stability in HK market. Do investors really think they've priced in the effects of the epidemic? pic.twitter.com/ry24SzXxNF
— Simon Rabinovitch (@S_Rabinovitch) February 3, 2020