argia.eus
INPRIMATU
Dagoeneko 400 gazatar hil dituzte Israelgo soldaduek, laguntza humanitarioa jasotzera bidean
  • 3.000 zauritu ere utzi dituzte Israelgo armadaren erasoek. Maiatzaren bukaeran berrekin zioten laguntza humanitarioari, GHF fundazio estatubatuarraren eskutik; eta ordutik, bertaratutakoei tiro egin diete soldadu israeldarrek.

Maria Ortega Zubiate 2025eko ekainaren 18a

Gazan laguntza humanitarioa banatzeari berrekin ziotenetik, maiatzaren bukaeran, 400 palestinar hil eta 3.000 zauritu dituzte laguntza jasotzera bidean zirela. Martxotik maiatzera mugak itxita izan zituen Netanyahuk, eta nazioarteko presio eta eskaeren ondorioz, maiatzean laguntza banatzea baimendu zuen, baina berak erabakitako fundazioaren eskuetan utzi zuen: GHF Gazako Fundazio Humanitarioa, ingelesezko sigletan. Erabakiak hautsak harrotu zituen, eta emaitzak are gehiago: bideo ugari zabaldu dira laguntza humanitarioa banatzeko zentroetan militarren indarkeria erakusten dutenak.

Asteartean 59 pertsona hil zituzten aipatu egoeran, eta beste 200 zauritu. Hildako kopuru hori azken asteetan atzemandako altuena da, eta bertako lekukoek adierazitakoaren arabera, airez egin zieten eraso. IDF Israelgo Defentsa Indarrek adierazi dute ez dutela aire eraso horren berri, eta norbanakoei egindako kalteak “ahalik eta txikienak” izan daitezen egiten dutela lan, “tropen segurtasuna mantentzearekin bat”.

Lehoi operazioa

Palestinarren egoerak okerrera egiten duen bitartean, Israelek nazioarteko fokua ekialderago bideratu du. Irani eraso egin zion ekainaren 13an, orain arte egindako aire eraso gogorrena. Harrezkero, bi herrialdeen arteko erasoek ez dute etenik, eta dagoeneko 240 pertsonak baino gehiagok galdu dute bizia bi aldeetan.

Nazioartean erantzunek ez dute itxaron. Israelen “defentsarako eskubidea” aldarrikatu du Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko lehendakariak, eta bide bera hartu dute Europako zenbait potentziak; hala nola Erresuma Batuak, Frantziak eta Alemaniak. AEBetako presidente Donald Trumpek, bere aldetik, “baldintza gabeko” errendizioa eskatu dio Irani, eta 30 abioi militar bidali ditu AEBetatik Europara.