argia.eus
INPRIMATU
David Pla ETAren ordezkaria: "Arma eta lehergailu gehienak zigilatuta daude"
  • Aieteren ostean PSOEk bete gabeko konpromisoez, egungo eszenatokiaren aukerez eta aurrera egiteko behar izanaz mintzatu da David Pla ETAren ordezkarietakoa, kartzelatik Garari eskainitako elkarrizketan.

Asier Arrate Iruskieta @AsierArrate 2015eko abenduaren 15a
David Plari egin zioten ongi etorria BaraƱainen, 2006an, espetxetik atera ostean. (Jagoba Manterola/ Argazki Press)

Gatazkaren irteerarako ETAren ordezkarietakoa da Pla eta azaldu du erakunde armatuak Aieteren ostean lau urteko hausnarketa prozesu bat abiatu zuela estrategia ezarri eta ondoren hartu beharreko pausuak erabakitzeko. “Horretarako pertsona eta eragile ezberdinen iritziak eta proposamenak entzun nahi genituen, eta horretan ari ginela atxilotu  gintuzten”.

Plak adierazi du ETAk konpromiso guztiak bete dituela, gobernuak ez bezala, eta onartu du Espainiako hauteskunde orokorren ostean ez duela uste elkarrizketa biderik irekiko denik Madrileko gobernuarekin: “Aukera horren inguruan lan egin behar dugu, baina ezin dugu gure estrategiaren zutabe bihurtu”. Plaren aburuz Espainiako gobernuak ez du abiatuko Euskal Herria aintzat hartuko duen “demokratizazio prozesurik”. Hori dela eta, prozesua herri bezala abiatu behar dela iritzi du. Horren harira azaldu du ezker abertzaleak orain bost urte abiatutako estrategia aldaketa ezinbestekotzat ikusi zuela aurrera egiteko.

Atxiloketen eta eskubide urraketen helburua “irabazle eta galtzaileen” eszenatoki bat sortzea dela dio, baina “fokua zabalduz gero” irudia bestelakoa dela adierazi du. “Espainiaren proiektua lur jota dago Euskal Herrian. Herritarrentzat Espainiako Gobernua da bakerako oztopo nagusia, eta euren alderdiek gero eta babes gutxiago dute”.  

Kritiko ageri da ere EAJrekin eta Eusko Jaurlaritzarekin. Adierazi du gaur egungo egoera ezin daitekeela ulertu euren jarrera kontuan izan gabe. Nazioarteko ekarpena, Foro Soziala eta Gasteizko Legebiltzarreko ponentzia jarri ditu adibidetzat, eta ebatzi du EAJren helburua ezker abertzalea “ahultzea” dela eta ez gatazkaren “irtenbidea” lortzea.

Negoziaketak eta nazioarteko egiaztatzaileen lana

Azken bost urteotan ETAren ordezkariak eginiko gestioaz ere mintzatu da. Besteak beste, Europako herrialde batean pasatutako hamasei hilabetez PSOEren gobernuaren oniritziarekin lehenik, eta PPren gobernuaren baimenarekin gero. Nazioarteko dozena bat pertsonekin elkartu zirela azaldu du, eta gobernuko ordezkari bat ere bertan izan zela. Gaineratu du Madrilera bueltatzean PPk ez zuela hartu ordezkaria.

Armen zigilatzeaz ere aritu da. Zailtasun ugari badaude ere, arma eta lehergailu gehienak zigilatuta daudela adierazi du. Baieztatu du polizia operazioek ez dutela gelditu prozesua, eta Nazioarteko Egiaztatze Batzordearekin lanean jarraitzen duela ETAk. Batzordearen lana “oso garrantzitsua” dela adierazi du: “Oso baldintza zailetan egin dute lan mehatxu judizialengatik eta beste batzuen presioagatik”.

ETAk armategiak zigilatzeko beharrizanik ez duela gogoratu du: “Armak dauden tokian geratu daitezke. ETAk egiten duena prozesuaren onerako eta prozesuari irtenbidea emateko egiten du”.