Artur Masi ezezkoa ematea berretsi dute CUPek Manresan egin duen biltzarrean batu diren 1.600 militanteek. Orain arteko inbestidura saioetan CUPek uko egin dio Mas inbestitzeari, eta asanbladak jarrera horri eustea erabaki du.
Presidentearen aukeraketaren inguruko lau proposamen izan dira biltzarrean. Militante bakoitzak hiru aukera bozka zitzakeen gehienez. Boto gehien –823– Masen alternatiba bat bilatzea eskatzen duen aukerak jaso du. Bigarren aukerarik bozkatuena hauteskundeak aurreratzea izan da –574–, Mas hautatzearen aurretik –434–. Erabakia hartzeko hauteskunde orokorren ondorenera itxaroteak jaso du bozka gutxien –129–.
Anna Gabriel Sabaté diputatuak Junts Pel Siren jarrera deitoratu du: “Hauteskundeak errepikatzen badira, euren erruz izango da. Jendeak hala eskatu arren, oraindik ez dute fitxarik mugitu”. Halaber, koalizio independentistari gomendatu dio CUPi “xantaiarik eta presiorik” ez egiteko, beraiekin “ez duelako funtzionatzen”.