argia.eus
INPRIMATU
CUPeko bi zinegotzi atxilotu dituzte urriaren 1aren harira
  • Marta Llorens eta Oriol Ciurana, Reuseko zinegotziak biak, atxilotu dituzte Esquadra Mossoek epailearen aginduz. Zinegotziek ez dute onartzen Espainiako justizia eta horregatik ez ziren deklaratzera joan.

Andoni Mikelarena @andonimik 2017ko abenduaren 27a
Arg: @CUPReus

Urriaren 1eko mobilizazioengatik auzipetutako CUPeko bi zinegotziak, asteazken goizean atxilotu dituzte. Biek, normaltasunez lan egingo zutela adierazi dute goizean goiz, Mossoak udaletxera agertu eta atxilotzen zituzten arte behintzat.

Reuseko auzitegiak atxilotze agindua igorri zuen, bi zinegotziak ez baitira deklaratzera agertu auzitegiak jarritako bi hitzorduetan. Espainiako poliziaren aurkako gorrotoa hedatu izana egozten diete bi auzipetuei, ustez herrian zeuden polizien aurkako mobilizazioak antolatzeagatik.

Epaileak Esquadra Mossoei agindu zien bi zinegotziak atxilotzeko osteguneko goizeko bederatzietarako, epailearen aurrean deklaratu dezaten. CUPeko hirugarren zinegotzi bat ere deklaratzera deituta dago ostegunean goizeko hamarretarako.

Marta Llorens eta Oriol Ciuranak ez dute onartzen Espainiako Justizia, euren esanetan Espainian ez delako botere banaketarik existitzen, “botere judiziala, Moncloaren helburu politikoen menpe dago”, adierazi dute zinegotziek. “Zutik eta duintasunez”, jarraituko dutela gaineratu dute.