argia.eus
INPRIMATU
CUPek Espainiako erregearen argazkiak erre ditu, hori bera egiteagatik atxilotutako lagunei babesa emateko
  • Kataluniako Diada eguneko protesta batengatik auzipetutako bost lagunak atxilotu ditu poliziak. Felipe VI.aren argazkiak erretzeagatik zeuden Audientzia Nazionalean deklaratzera deituak, baina ez ziren aurkeztu.

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2016ko abenduaren 13a
CUPeko Eulàlia Reguant, Mireia Vehí eta Maria Rovira argazkiak erretzen (Arg: Cèlia Atset, Diari Ara)

Atxiloketak salatzeko, CUPek elkarretaratzeak egin ditu Kataluniako hainbat herritan. Protesta horietan Espainiako Estatuko erregearen argazkiak eta Konstituzioaren orrialdeak apurtu eta erre dituzte antolakundeko diputatu eta manifestariek.

Abenduaren 7an deklaratzera deituak zeuden bost atxilotuak, baina ez ziren aurkeztu. Horietatik hiru atzeman dituzte Mossoek astelehenean. Gainerako biak astearte goizean atxilotu ditu Espainiako Poliziak, atxilotuei elkartasuna adierazteko antolatu duten autobusean zeudela. Bertan egin dute Bartzelonatik Madrilera bidaia 30 pertsona inguruk, Auzitegi Nazionalean deklaratuko duten atxilotuei babesa emateko.  

Poliziak autobusa gelditu du hiru orduz. Bidaiari guztiak identifikatu ditu, eta atxilotuta eraman ditu auzipetuta zeuden biak.

CUPeko hainbat diputatuk adierazi dute ez daukatela beldurrik, ezta erregerik ere. Atzerako urratsik emango ez dutela esan, eta Jordi Jané Kataluniako Barne Kontseilariaren dimisioa eskatu dute. Beraien ustez, prozesu “soberanista aurrera eraman ahal izateko beharrezkoa da Jané kargugabetzea”.  

Sare sozialetan #NiReiNiPor traola erabiltzen ari dira atxiloketak salatzeko: