argia.eus
INPRIMATU
CUPek bateragarri ikusten du independentziarako bere bide-orria eta CDC-ERCrena
  • Quim Arrufat CUPeko kidearen ustez “etorkizunean ados jarri gaitezkeen bide-orria aurkeztu dute” CDCk eta ERCk. Irailaren 27ko hauteskundeetan gehiengoa lortuz gero independentziarako aurreakordioa sinatu dute astelehenean Artur Masek eta Oriol Junquerasek.

Igor Agirre @igoragirre 2015eko apirilaren 01
Quim Arrufat CUPeko kidea. (Argazkia: La Directa).

Pasa den astean publiko egin zuen CUPek independentziarako bere bide-orria. Orain, CDCz eta ERCz gain, Biltzar Nazional Katalanak (ANC), Omnium Culturalek eta Independentziaren aldeko Udalerrien Elkarteak (AMI) sinatutakoa aztertu behar du ezkerreko hautagaitzak.

Arrufatek Info7 irratiari adierazi dionez, “prozesu subiranistaren sakontasun politikoaren inguruan gogoeta egiteko” aurkeztu zuen bere alderdiak proposamena aurreko astean.

Astelehenean argitaratu duten akordiotik, ordea, publiko egiteko egon den presak harritzen du CUPeko kidea. Kataluniako hainbat eragileri ez zaiela bertan parte hartzeko aukerarik eman azaldu du.

Unió eta Iniciativa akordiora batu ez direla eta, Arrufaten esanetan “ezinezkoa da estrategia independentista batean aurrera egitea independentzia nahi ez duten aktoreekin”.