argia.eus
INPRIMATU
Cuixart, Junqueras eta Sanchez “berehala” aske uzteko eskatu du Nazio Batuetako lantalde batek
  • Giza Eskubideen Batzordearen baitako Atxiloketa Arbitrarioaren Lantaldeak preso katalanak aske uzteko eskatu dio Espainiari eta gogor mintzatu da, espetxeratzea Giza Eskubideen Adierazpenaren aurkakoa dela nabarmenduz.

ARGIA @argia 2019ko maiatzaren 29a

Kaleraturiko txostenean ondorio garbia atera du lantaldeak: atxiloketak arbitrarioak izan dira eta kalean behar dute Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde kargugabetuak, Jordi Sanchez ANCko presidente ohiak eta Jordi Cuixart Omniumeko buruak.

Besteak beste, txostenean azpimarratzen da erreferendumaren gisako “galdeketa herritarrak iritzi askatasunaren adierazpen legitimoak” direla, hiru preso politikoen ekintzak “indarkeriarik gabeak” izan zirela eta indarkeria erabiltzera ere ez zutela bultzatu inongo unetan.

NBEko adituek gehitu dutenez, hiruen espetxeratze prebentiboa eskubide zibil eta politikoen nazioarteko itunaren aurkakoa da eta “epaimahai konpetente eta inpartzial” batek epaitzeko eskubidea urratu zaie. Katalunian gertatutakoaz “ikerketa independente eta sakona” egiteko eskatu diote Madrili.

Ze garrantzi du honek?

Lantaldearen ebazpena ez da loteslea, baina garrantzi handikoa dela azpimarratu dute independentista kataluniarrek, Giza Eskubideen Europako Auzitegian Espainiaren kontra abiatuko duten auzia irabazteko gako izan daitekeela iritzita. Gogoratu dutenez, antzeko ebazpena kaleratu zuen lantaldeak beste bi estaturen kasuan, eta bi kasuetan “ez Frantzia ez Polonia ez ziren ausartu Nazio Batuen ebazpenaren kontra egiten”.