argia.eus
INPRIMATU
Cristina Fernándezi sei urteko kartzela zigorra ezarri diote “zikintzat” jo duen epaiketa batean
  • Argentinako presidenteordeari ustelkeria leporatu diote eta bizi osorako debekatu politikan aritzea. Fernándezek salatu du botere ekonomiko eta mediatikoen azpijokoa izan dela epaia bultzatu duena, eta berarekin bat egin dute nazioarteko zenbait agintarik.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2022ko abenduaren 07a
Cristina Fernandez Kirchnerren aldeko manifestaria, Buenos Airesen. / Argazkia: EFE/REUTERS

Sei urteko kartzela zigorra eta behin betiko inabilitazio politikoa ezarri dizkiote Cristina Fernández Kirchner Argentinako presidenteordeari. Ustelkeria egotzi diote Fernandezi, bere presidente garaian (2007-2015) eta bere senar zendu Nestor Kirchnerrenean (2003-2007). Oraindik zigorrari errekurtsoa aurkeztu diezaioke, baina presidenteordeak salatu du epaia bere aurkako azpijokoetan oinarritzen dela, “epaitegietako mafiaren” biktima dela.

Epaia publiko egin aurretik ere, Fernándezek publikoki adierazia zuen errudun deklaratuko zutela: “Zigor hau jada idatzita zegoen”. Gehitu du ez dela 2023ko hauteskundeetara aurkeztuko. Bere hitzetan, zigorra ezarri dion epaiketa ez da garbia izan, estatuko botere ekonomiko eta mediatikoek bera boteretik kentzea nahi zuten: “Botere ekonomiko eta mediatikoa dago honen atzean, estatu paralelo bat kontrolatzen duena eta azpijokoan dabilena etengabe”. Gehitu du zigorrarekin lortu dutena “garapen ekonomikoko eta herritarren eskubideen aldeko” sistema bat baztertzea dela.

Fernándezi egotzi dioten delitua, “Vialidad” kasua, obra publikoen kontzesioaren ingurukoa da; zenbait lege berrestea leporatzen diote, bere interesen arabera. Berak, aldiz, erantzun du presidenteak ez duela legeen eta aurrekontuen kontrolik, hori diputatuen eta senatarien esku dagoela, eta, ondorioz, ez dela erruduna. Bere alde egin du egungo presidente Alberto Fernándezek; pertsona “errugabe” bat zigortu dutela adierazi du.

Presidenteak bezala, nazioarteko zenbait agintarik gaitzetsi dute epaia. Horien artean egon dira Mexikoko presidente Andrés Manuel Lopez Obrador eta Kubako Miguel Díaz-Canel. Biek ala biek babesa adierazi diote Fernándezi, eta epaitegien “jazarpenaren biktima” dela azpimarratu dute. Hondurasko presidenteak, Xiomara Castrok, gehitu du “legeen gerra” ari dela pairatzen Fernández, eta gogoarazi du aurtengo irailean hilketa saiakera bat pairatu zuela Argentinako presidenteordeak.

Gerra mediatikoa

Fernándezek berak zein babesa adierazi diotenek erabili dute ahotan Argentinako prentsa. Izan ere, hedabideekin gatazkak izandakoa da Fernández. Entzutetsua izan zen bere presidente garaian martxan jarritako 2009ko Hedabideen Legea. Lege horretako artikulu batek zehaztu zuen mugatu egin behar zirela hedabide taldeei ematen zitzaizkien lizentziak. Lege horrek zuzenean eragin zion Clarin hedabide taldeari, joera kontserbadorekoa, zenbait hedabide itxiarazi baitzizkion.

Bataila judizial handia ekarri zuen legeak, artikulu hori konstituzioaren aurkakotzat jo zuten arte. Orain, zigorraren atzean hedabide taldea dagoela salatu du Fernándezek, eta bertako zuzendari Hector Magnettori mezua zuzendu dio: “2023ko abenduaren 10ean ez dut eskumenik izango. Orduan ni atxilotzeko agindua eman ahalko diezu zure Gorte Goreneko morroiei. Baina ez naiz zure menpeko izango, inoiz ez”.