Maria Luisa Gutierrez produktoreak jaso du Coviteren XXIV. Nazioarteko Saria, eta "terrorismoaren biktima guztiei" eskaini die.
Covite erakundeak aurreko larunbatean egin zuen ekitaldi bat Donostiako Kursaalean, bere XXIV. Nazioarteko Saria banatzeko. Edizio honetan, La Infiltrada filmaren lan-taldea saritu du, eta larunbatean jaso zuten saria ikus-entzunezkoan parte hartu duten hainbat pertsonak; tartean, Maria Luisa Gutierrez produktureak eta Carolina Yuste aktoreak.
Coviteko presidenteak, Consuelo Ordoñezek, ekitaldian adierazi zuen La Infiltrada "nahitaezko momentu" batean iritsi dela, "egia gailentzeko eta terrorismoa tresna politiko gisa legitimatu dadila ekiditeko". Gaineratu zuen filma "opari bat" dela "biktimentzat", eta ekarpena egin diola "ETAren terrorismoa izan zenari buruzko memoria kolektiboari". Bestalde, polizia-indarrei ere eman zizkien eskerrak Ordoñezek, beste behin ere.
Gutierrez produktoreak ere hartu zuen hitza larunbatean, eta "terrorismoaren biktima guztiei" eskaini zien saria. Aldarrikatu egin zuen, gainera, "damua exijitzearen" aldeko borroka, "elkarbizitza duin bat hasteko lehen urrats politiko eta publiko bakar" gisa. Goya Saria ere eman zioten pelikulari urtarrilean, eta, sari-banaketaren galan Covite goraipatu zuen Gutierrezek, aitortza erakunde horri eskainiz.
Joan den larunbateko ekitaldian izan ziren hainbat politikari, esaterako, PSE-EEko Jose Ignacio Asensio eta Arritxu Marañon, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Memoria eta Bizikidetzako sailburuordea; Voxeko Amaia Martinez, eta PPko Javier de Andres eta Muriel Larrea.
Infiltrazio polizialen, errepresioaren eta torturaren zuriketa
Benetako gertakarietan oinarritutako film bat da La infiltrada. Bertan erakusten da Espainiako Poliziako buru batek nola eskatzen dion heroi gisa aurkezten den Elena Tejadari (Yustek antzeztua) ETA taldean infiltratzeko, eta nola egiten dion horri jarraipena Poliziak. Luis Tosar aktoreak hezurmamitzen duen polizia-buru hori da, hain zuzen ere, Fernando Sainz Merino komisarioa, ezaguna torturatzailea izateagatik.
1980an, gutxienez hiru pertsona torturatu zituzten Bartzelonan bere agintaritzapean, eta Gipuzkoako buru izan zenean, 1992tik 1999ra bitartean, Espainiako Poliziak gutxienez 100 laguni egin zizkien torturak Gipuzkoan bertan.