argia.eus
INPRIMATU
COVID ziurtagiria eta osasun larrialdi egoera ezarriko ditu Eusko Jaurlaritzak
  • Hiru hilabete ere ez dira EAEn osasun larrialdia bertan behera utzi zuela Eusko Jaurlaritzak. Bada, larrialdi egoera berrezarriko duela iragarri du. Egun berean, argi berdea eman dio Auzitegi Gorenak: covid ziurtagiria ezarri ahalko du hainbat jardueratan.

ARGIA @argia 2021eko azaroaren 30
Argazkia: Irekia

Egoerak txarrera egiten jarraitzen duela argudiatuta, neurri murriztaileak hartu ahal izateko osasun larrialdi egoera berrezarriko du Jaurlaritzak. Hala iragarri du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak. Larrialdi egoera noiztik aurrera izango den eta zein murrizketa aplikatuko diren ez du zehaztu.

Uneotan ZIUetan 49 paziente daudela, Osakidetza zailtasunak nabaritzen hasi dela eta adibidez kirurgia jarduerak mugatu dituela azaldu du sailburuak.

Azkenekoz aipaturiko neurriei eusteko eskatu die herritarrei, baita ere jende multzoak saihesteko, musukoa edonon erabiltzeko, aireztapen egokia bermatzeko eta eskuak sarri garbitzeko.

Covid ziurtagiriari argi berdea

EAEko Auzitegi Nagusiari baimena eskatu zion Jaurlaritzak, aisialdiari loturiko hainbat jardueratan sartu ahal izateko covid ziurtagiria eskatzea baimentzeko. Epaileen ezezkoa jaso ostean, helegitea jarri zuen administrazioak Auzitegi Gorenean, eta astearte honetan erantzun du Gorenak: helegitea onartu du eta Jaurlaritzak argi berdea izango du ziurtagiria eskatzeko. Nola aplikatuko den jakitea falta da.

Jaurlaritzak adierazi zuenez, bere nahia da covid ziurtagiria eskatzea gaueko aisialdian, ekitaldi jendetsuetan, ostalaritza establezimendu batzuetan eta 50 lagunetik gorako edukiera duten jatetxeetan sartu ahal izateko.