argia.eus
INPRIMATU
COVID-19aren Hegoafrikako aldaeraren “bizpahiru kasu” atzeman dituzte Ipar Euskal Herrian
  • Ipar Euskal Herrian Koronabirusaren Hegoafrikako aldaerarekin kutsatutsako "bizpahiru" pertsona atzeman dituztela jakinarazi du Akitania Berria Eskualdeko Osasun Agentziako departamenduko zuzendari Maritxu Blanzacok. France Bleu irratian adierazi duenez, ez du alarma piztu nahi. Horrez gain, pandemiari buruzko datuak eman ditu.

ARGIA @argia 2021eko otsailaren 10
Maritxu Blanzaco, artxiboko argazki batean.

Oihana Teyseyre Koskaratek Berrian eta Kazeta.eus-ek jaso dituzte Osasun Agentziako departamentuko zuzendariaren hitzak. Asteazkenean emandako informazioaren arabera, Frantziar Estatuan COVID-19ak kutsatutakoen %10ak aldaera britainiarra gisa bataiatu dutena detektatu dute.

Blanzacok esan duenez, birusaren aparteko aldaerarik aurkitzen ote duten begiratzen ari dira otsailaren hasieratik PCR eta antigeno testetan. Indartu egin dituzte protokoloak Hegoafrikako aldaera somatzen dutenean, izan hurbileko kontaktuez gain, hurbileko kontaktuen kontaktuak kontutan hartuz, eta bakartze denbora luzatuz zazpi egunetik hamar egunera. Izan ere, Hegoafrikako aldaera kutsakorragoa dela frogatu dute.

Oraingoz Ipar Euskal Herrian 6.810 pertsonak jarri dute txertoa, datua eman duenez. Hori, herritar guztien %2,1a litzateke.