Ostegun honetan bilduko da LABIren (EAEko babes zibilerako plana) batzordea koronabirusaren aurrean neurri gehiago hartzea beharrezkoa ote den aztertzeko. Mahai gainean dauden aukeren artean,100.000 biztanleko 500 kasuak gainditzen dituzten 5.000 biztanletik gorako herrietan neurri “kirurgikoak” hartzea dago Iñigo Urkulluk aurreratu duenez.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako erakunde publiko guztiak daude ordezkatuta LABIn eta duela bost egun hainbat neurri adostu zituen, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren onarpenaren zain daudenak. Besteak beste, elkarrekin egon daitezkeen jende-taldeak gehienez sei pertsonakoak izatea, lokalen edukiera %50era gutxitzea eta tabernak gauerdirako ixtea ziren neurri horietako batzuk, baita polemika eragin duten beste batzuk ere, adibidez elkarte gastronomikoak ixtea.
EAEko Fiskaltzak dagoeneko adierazi du ados dagoela Jaurlaritzako Osasun Sailaren agindu bidez indarrean jarri nahi diren neurri horiekin. Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak emandako azalpenen arabera, posible da aginduak zenbait berrikuspen jasatea ostegun honetan bertan.
Izan ere, pandemiaren eboluzioa datu kezkagarriak uzten ari da EAEn: astearteko datu ofizialek erakusten dute Gipuzkoa dela une honetan puntu beroa, 100.000 biztanleko 500 positiboren tasa gainditu delako hamalau egunez (506,14). Datuak hobeak dira Bizkaian (304,7) eta Araban (291,8), baina hala ere, Jaurlaritzak neurriak azkarrago hartu nahi dituela dirudi –horren erakusgarri da LABIren bilera ostiraletik ostegunera aurreratu izana–.
Nafarroan ere datu kezkagarriak
Hego Euskal Herrian pandemiak gogor astindu duen beste herrialdeari dagokionez, asteartean datu hobeagoa eman du Nafarroako Gobernuak: 364 kasu positibo berri antzeman dira, astelehenean erregistratutako 578 positiboko errekorra baino gutxiago. Hala eta guztiz ere, egoera ez da samurra Maria Chivitek gobernatzen duen erkidegoan: 323 ospitalizazio azken hamalau egunetan, horietako 25 Zainketa Intentsiboetako Unitateetan, zeintzuen okupazio-tasa une honetan ia %30ekoa den.
Nafarroako egoera kritikoa ilustratzen duen beste datu bat: azkeneko bi asteetan 100.000 biztanleko 1.000 positiboen langaren gainetik dagoela jakin zen astearte honetan eta egoera horrek bultzatuta, ostegun honetatik aurrera Nafarroa itxiko dute hamalau egunez.