argia.eus
INPRIMATU
COVID-19aren aurkako txertoak aitzakiatzat harturik adinekoei iruzur egiten ahalegintzen ari dira
  • 80-90 urtera bitarteko adinekoei egindako iruzur saiakera batzuez ohartarazi du Ertzaintzak. Orain arte Irunen eta Bilbon hauteman ditu Ertzaintzak halako kasuak.

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko martxoaren 02a

COVID-19aren txertoak erabiltzen dituzte aitzakia moduan adineko pertsonei deitzeko, txertoa jarriko zaiela esanez. Ertzaintzaren ikerketaren arabera, ustezko biktimen datu pertsonalak eta helbidea lortzea da iruzurraren helburua, hitzordu bat lotzearekin batera. Biktimen etxean delituren bat egitea dela helburu nagusia uste du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Azken bi asteotan jasotako telefono deiak, kasu guztietan 84 urtetik gorako pertsonei zuzenduak izan dira eta haien bizilekuan COVID-19aren aurkako txertoak jartzen hasi direla jakinarazi diete engainatzeko asmoz. 

Adineko pertsonak iruzurren aurrean kolektibo zaurgarrienetako bat izanik, iruzurgileak horretaz baliatu nahiko lukete iruzur egiteko eta emandako ustezko zerbitzuengatik diru-kopururen bat eskatzeko. 

Osakidetzaren deiak egiaztatuta eta bertako langileak akreditatuta daudela adierazi dute. Hala eta guztiz ere, momenturen batean zerbait arraroa sumatuz gero, Ertzaintzara edo Udaltzaingora deitzea gomendatzen dute, informazioa egiaztatu dezaten.