argia.eus
INPRIMATU
COVID-19 kasu asintomatiko eta arinek ez dute itxialdirik egin beharko Hegoaldean
  • Osasun Publikoko Batzordeak hala erabakita, COVID-19an positibo ematen duten pertsonek ez dute berrogeialdirik egin beharko. Astelehenean jarriko da indarrean erabakia. Egoera epidemiologikoak okerrera nabarmen egiten ez badu, ez da itxialdietara itzulerarik egongo.

ARGIA @argia 2022ko martxoaren 23a
Argazkia: Gianninalin

Asteartean gauzatutako Osasun Publikoko Batzordearen bileran COVID-19 kasu arin eta asintomatikoentzako itxialdia indargabetzea erabaki zuten Espainiako Gobernuak eta autonomia erkidegoetako ordezkariek. Hala bada, martxoaren 28tik aurrera koronabirusaz kutsatutako kasuen gehiengoak ez du itxialdirik egin beharko Hego Euskal Herrian. Itxialdia zenbait gomendiorengatik ordezkatu dute: aurrerakoan, kutsatutako pertsonari eskatuko zaio kontuz ibiltzeko, pertsona zaurgarriekin kontaktua murrizteko, edota maskara jantzita eramateko, besteren artean.

Dena den, itxialdiak ez dira erabat desagertuko, eremu zaurgarrietan, zentro soziosanitarioetan kasu, kontrol eta isolamendu neurriak hartu ahalko baitira aurrerantzean ere, beharrezkotzat joz gero. Berriak jaso duenez, kasu horietan bakartzeak egiteko irizpideak emango direla aurreratu zuten asteartean: "Egoitzetara begira, bost eguneko bakartzea ezarriko da; COVID-19aren ondorioz erietxean dauden pazienteentzat ere, horixe bera".

Frogak ere zaurgarriei soilik

Bileran hartutako beste erabakietako bat izan da diagnostiko frogak soilik sektore zaurgarriei egitea, nahiz eta Hego Euskal Herrian dagoeneko indarrean dagoen prozedura den: kasu larriak izan daitezkeenei, 60 urtetik gorakoei, immunoeskasiaren bat edota patologiaren bat dutenei, edo haurdun daudenei egingo dizkiete.

Neurria indarrean mantendu egingo da, egoera epidemiologikoak okerrera egiten ez badu. Ospitaleratze datuen arabera erabakiko litzateke neurriak gogortzea: ospitaleetako oheen %5 baino gehiago eta ZIUko oheen %10 baino gehiago COVID-19az kutsatutako norbanakoek betez gero. Edozelan ere, bilakaera ikusita, gaitzaren kontrolerako beste sistema batetarantz ari dira ematen urratsak, gripea kontrolatzeko erabiltzen den antzerakoa.