Ipar Euskal Herriko herriko etxeen aitzinean elkarretaratzeko deia luzatzen dute, hitzordua azaroaren 7ko 17:00etan jarriz.
"Auzia ez da eritasun honen errealitatea ukatzea, baina neurri autoritario eta sinesgaitzak ez onartzea" oharra luzatu du Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako herritar talde batek. COVID-19 izurritearen testuinguruan hartu neurriak salatzeko asmoz Ipar Euskal Herriko herriko etxeen aitzinean elkarretaratzeko deia luzatzen dute. Hitzordua azaroaren 7ko 17:00etan jarri dute.
Elkartzeko deia luzatzen dute: " Gureaz hitz egiteko, herriko plazak berreskuratuko bagenitu? Inposatzen diguten bakartasuna hautsiz, benetako harreman sozialak birlotuz, konexio elektronikoetatik at? Elkarren arteko mesfidantza eta beldur gabeko eztabaidak piztuko bagenitu? Ez al da garaia gure bizi baldintzak kaltetzen dituen osasun egoera berezi honen inguruan gure artean zintzoki mintzatzeko? Jakinik egoera honek luze iraun dezakeela".
Izurritea hasiz geroztik agintariek egindako kudeaketa kritikatzen dute: "Gozamen pertsonal eta kolektibo iturri den guztia lanjerosago eta osasunarentzat kaltegarriago dela baieztatu" izana, azken urteetan burutu zerbitzu publikoaren suntsiketa, eta beste.