argia.eus
INPRIMATU
COVID-19 bidezko kutsatzea lan-istriputzat onartu dute osasun langileak ez direnen artean
  • LAB sindikatuak aurkeztutako errekurtso baten harira egin dute aldaketa. Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak koronabirusaren bidezko kutsatzeak lan-istriputzat onartuko ditu zentro soziosanitarietako langile guztientzat, garbitzaile eta administrazioko beharginentzat ere bai.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko uztailaren 28a
Argazkia: @labsindikatua

Osasun sektorean lan egiten duten garbitzaileei, administrariei, mantentze-lanetako beharginei eta arreta zuzena eskaintzen ez duten gainontzeko langileei eragingo die neurriak. Espainiako Gizarte Segurantzako Institutuak koronabirus bidezko kutsatzeak lan-istriputzat onartuko ditu zentro soziosanitarioetan lan egin, baina osasun langileak ez diren beharginen kasuan ere.

2020ko azaroan, osasun arloan lan egiten ez zutenentzat “gaixotasun arrunt” bezala jo zuten kutsatzea. LAB sindikatuak aurkeztutako errekurtsoaren harira aldatu dute erabakia. Gurutzetako Ospitalean (Barakaldo, Bizkaia) mantentze-zerbitzuetako behargin bat COVID-19agatik kutsatu izana lan-istriputzat jo du Institutuak.

Ebazpenaren arabera, kutsatzeak saihes daitezke prebentzio eta babes neurrien bidez. Hori gertatzen ez bada, enpresak erantzukizuna izango du beharrezkoak diren segurtasun neurriak ez hartzeagatik.