Corrugados Azpeitia enpresako kideek manifestazioa deitu dute hilaren 20an, larunbata, Azpeitiko plazatik abiatuta. Enpresa batzordeko ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariak prentsaren aurrean agertu dira asteazkenean, “eskualdeko etorkizun industrialaren alde” borrokatuko dutela esanez, eta udalei, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari “langileen zein eskualdearen etorkizunaren aldeko lana egin dezaten” eskatuz.
Alfonso Gallardo Taldeak aurreko hilabetean eman zuen aditzera Corrugados lantegia ixteko erabakia. Azpeitiko enpresa eskualdean “erreferentea” izan dela esan dute sindikatuko ordezkariek: “Gallardo Taldeak erosi baino lehenagotik ere hala zen, eta gaur egun ere enpresa traktorea izaten segitzen du”. Planta ixteak familia askori eragingo dio, eragina ez baitute bakarrik enpresako 300 langileek jasango. “Zeharka ere ehundik gora langileri eragingo dio: industria laguntzaileei, zerbitzuei, merkataritzari, ostalaritzari…”
“Hemen etorkizuna egon daiteke Gallardo Taldearen barruan ala kanpoan”, esan dute ordezkariek, “eta hori bermatzeko, instituzioek jokatu behar dute: bai Gallardori enpresa zabalik mantentzea, bai eskainitako 300.000 tonako produkzioa ekartzea eta bai Foru Aldundiak egindako gestioei esker 150.000 tona ekoizteko lortutako aukera gauzatzea exijituz”.
Itxieraren erabakiari eta orokorrean enpresaren egoera latzari buelta emateko langileek, herritarrek eta erakundeek elkartu egin behar dutela esan dute. Hori dela eta, udalean mozio bat sartu dute itxieraren kontra ager daitezen, eta manifestaziorako deialdia egin dute.
Gallardo Taldeak enpresa ixtea erabaki zuenetik ez dutela berri gehiagorik izan azaldu dute. “Ez dakigu noiz emango diguten espedientearen berri, baina gu ez gara komunikazio horren zain geldituko, eta lanpostuak defendatzen jarraituko dugu”.