argia.eus
INPRIMATU
Correos enpresa publikoko langileak, Axa aseguru pribatuen komertzial bilakatuta
  • Correosen bidalketa zerbitzuan "kaosa" eta "kolapsoa" nagusi den bitartean, enpresa publikoak Axa aseguru etxearekin akordio bat iragarri berri du. Ekainaren 1erako, Correosek Espainiako Estatu osoan dituen 800 bulegoetan Axaren aseguruak egin ahal izango dituzte herritarrek: auto, osasun, bizitza-arrisku eta heriotza aseguru pribatuak. Axarentzako komertzial lana egiteko formazioa jasotzen ari dira Correoseko langileak, LABeko ordezkari Pedro Javier Márquez del Pozok ARGIAri azaldu dionez.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2025eko ekainaren 02a
Axa.es

Maiatzaren 20an iragarri zuten akordioa Axak eta Correosek, prentsa agerraldi batean. Akordioa “mugarri” gisa azaldu zuen Pedro Saura Correoseko presidenteak, herritarrei “ezinbesteko zerbitzuak” jarriko dizkielako eskura. Enpresa publikoak eskainiko dituen ezinbesteko zerbitzu horien artean dago osasuna, baina ez publikoa, pribatua baizik. “Axak babesa eskainiko die herritarrei”, adierazi zuen Olga Sánchez Axaren ordezkariak, “Correosek duen giza kapital handiari esker”.

LABeko ordezkari Del Pozoren esanetan, Axarekin egindako akordioa Correosen merkantilizazioaren azken urratsa besterik ez da: “Aspaldidanik Correoseko bulegoetan denetarik saltzen da: energia enpresa pribatuen edo bidaia agentzien propaganda, panpinak, liburuak...”. Urratsa bat gehiago, batetik, baina kualitatiboa, bestetik: “Correoseko langileak beraiek egingo dute komertzial lana. Adibidez, herrietatik joaten diren banatzaileak herritarrak bulegoetara bideratzea nahi dute, han Correoseko beste langile batek asegurua egin diezaion. Lan horiek egiteko formazioa ematen ari dira langileei. Izugarria da”.