argia.eus
INPRIMATU
Correaren garaipenari esker Hego Amerikako ezkerra egonkorrago
  • Tarte handiarekin irabazi ditu Ekuadorreko hauteskundeak Rafael Correa ezkerreko hautagaiak. Hego Amerikan kolore ugaritako presidente aurrerakoien posizioa indartzen ari da azken urteetan.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2013ko otsailaren 18a
Rafael Correa Ekuadorreko presidentea garaipena ospatzen.

Rafael Correak ez du bigarren itzuliaren beharrik izango Ekuadorreko presidente izaten jarraitzeko. Botoen %60 inguru lortu zuen atzoko hauteskundeetan, bigarren lekuan geratu den Guillermo Lasso Opus Deiko bankariaren %20tik oso urrun.

Nazioartetik begiratuta, Correaren garaipenak erakusten du Hego Amerikako gobernu aurrerakoiak egonkortzen ari direla. Correaz gain Brasilen, Argentinan, Uruguain, Venezuelan eta Nikaraguan ere politika aurrerakoiak bultzatzen ari diren hautagaiak bigarrenez aukeratu dituzte azken urteetan.

Kolore gorrixkako mapa horri esker hainbat integrazio-espazio indartzen ari dira. ALBA (Amerikako Herrien Aliantza Bolibartarra) bezalako egitasmoak sendotuko ditu Correaren garaipenak; eta Unasur eta CELAC bezalako erakundeetan norabide aurrerakoia duten gobernuei protagonismoa emango die.

Bestalde, Correaren gobernuak  Julian Assangen afera konpontzeko lan egiten jarraitu beharko du. Wikileakseko burua Ekuadorrek Londresen duen enbaxadan dago bere aurkako atxiloketa aginduari ihes egiteko.

Buruhauste gehiago ere izango ditu: Ekuadorrek Iranekin harremanak ditu eta AEBek harreman horiek direla eta Ekuadorri santzioak jartzeko mehatxua egin du.