argia.eus
INPRIMATU
Corellako eskolan D eredua ukatu dute, arrazoirik eman gabe
  • Nafarroako Gobernuak eskaera egin duten familiei iradoki die "datorren ikasturteari begira" abiatu dezaketela tramitazioa.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2025eko irailaren 02a
Corellako eskola Corellako Udala

Nafarroako Erriberako Corella herrian, 11 familiak eskaera luzatu zioten Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari: euskarazko eredua ere ipin dezatela herriko ikastetxe publikoan, gaztelaniazkoa alboratu gabe. Hartara, aukera zabalduta, eskubidea izango luketelako familiek bietako bat hautatzeko.

Hein berean, aldarrikatu zuten haien haurrek eskubidea dutela euskara erdigunean edukiko lukeen hezkuntza jasotzeko, "Nafarroako beste edozein ikaslek bezalaxe". Are, Tuteraren ostean Erriberako herririk populatuena izanik, ez dute uste egokia denik "oraindik horrela" jarraitzea. "Beste behin ere, posta-kodearen arabera, eskubide eta aukera gehiago ala gutxiago dituzu Nafarroan; garaia da zonifikazioa alboratzeko eta lehen, bigarren eta hirugarren mailako herritarrak izateari uzteko", adierazi dute familiek Noticias de Navarra-n irakur daitekeenez.

Irailaren 1ean ezagutarazi da Hezkuntza Departamentuaren erabakia: atzera bota du eskaera. Ez du argudiorik eman, gainera. Prozeduraren oinarriak zeintzuk diren esatera mugatu dira, tramitazioan zer egin duten oker edo zergatik hartu den erabaki hori jakitera eman gabe. Uler daitekeenez aldaketa horrek "inpaktua" eragingo lieke instituzioei, eta azterketa sakonagoa merezi du gaiak. Azken esaldi gisa oroitarazi dute oraindik garaiz daudela datorren urteari begirako eskaria luzatzeko.